Biluzik ikusi dute inbertsiogileek euren burua azken urteetan hainbat bider. Edo Zarautzen bainujantzia izendatzeko erabiltzen den txaparro hutsean; izen bereko herri aldizkariaren kasuan lez, laguntza publikoen menpeko. Baina txaparrotan edo biluzik dauden egitasmoez gain, badira AIGre kasuan lez, pixkanaka galdutako arropak berreskuratzen ari direnak: Asiako filiala Prudentiali salduta, likideziaren itsasgoraz harago bizitza badela frogatu da; eta AEBetako manufakturen hazkundeak eta kontsumitzaileen konfiantza lagun, Wall Streeten bagak hondarretako zenbaki gorriak ezabatu ditu. 1.685 milioiren salerosketa pasatu da malekoitik eta, azken portuan, %0,98ko igoera plazaratu du Ibex-35 indizeak. Plazako musikan txerritxo txikienak gozatu dira gehien, %2na pasako igoerak izan baitituzte Inditex, Sacyr, Acciona edota ACSk. Bi erraldoiak aldiz, Santander eta Edurnezuri, %1na pasa igo ziren. Indizea ez biluzteko moduko txaparroa.
Espainiako Altxorraren eta Alemaniakoaren hamar urterako zorrak errentagarritasun ezberdina du, noski. %0,7ko aldea zuten atzo (%3,82koa Espainiakoak eta %3,12 Alemaniakoak), azkenaldiko alde txikiena. Konfiantzaren marea gora ote doa?
Gamesak (-%2,63) egurra jaso du azken egunotan. 9,14 euroan da akzioa, irailean 16 euroz goiti ibili ostean. Altsasuko lantegia ixteko erabakiak adierazten du zalantzak badirela bere Europako jardueraz eta, hortaz, etekinez.
Txaparroaz harago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu