Txarrena pasatu den arren, urte zaila espero du makina-erreminta sektoreak

2009an 762,3 milioi euro fakturatu dituzte sektoreko enpresek; azken hamar urteetako fakturazio txikiena da

Donostia
2010eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Burua altxatzen hasi da makina-erremintako sektorea. Mantso, baina hasi da. Hala ere, ez deritzo nahikoa Espainiako Makina-Erreminta Ekoizleen Federazioak (AFM), enpresa askok zailtasun handiak dituztelako oraindik. Eskariak izan duen indartze ahula egonkortu artean tentuz ibili beharko dutela dio. Lehen seihilekoa gogorra izango dela uste dute, beraz.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresek ekoizten dute AFMko ekoizpen osoaren %70-80. Sektoreak 5.600 lanpostu zuzen etazeharkako 10.000 inguru ditu. Eta krisiaren eraginez, jaitsiera handia izan dute eskarian. Koldo Arandia AFMko presidentearen hitzetan, «bihurgunea» pasatu dute, eta adierazleek onbidean direla erakusten dute. «Badakigu txarrena pasatu dela eskariari dagokionez, baina oso seihileko gogorra dugu aurretik, denetan gogorrena ziurrenik, industria jarduera bere onera itzultzen hasi arte».

Iaz, 762,5 milioi euro fakturatu zituen sektoreak, 2008an baino %27,8 gutxiago. Azken hamar urteotako fakturaziorik txikiena da hori. Arandiaren esanetan, «90eko hamarraldiaren zorigaiztoko lehen urte haietara atzera egin beharra dago horrelako zerbait topatzeko».

Esportazioetan ere kolpe latza hartu dute, baina ez horrenbestekoa. Hor, denboraleari hobeto eutsi diotela esan daiteke. 2006ko mailara atzeratu dira. Hain zuzen, 575,2 milioi euro saldu dituzte atzerrian, 2008an baino %21,8 gutxiago. Arandiaren arabera, «neurri batean, sektorea hain nazioartekotuta egotea sostengarri izan da». 2009an ere Alemania izan da makina-erremintako esportazioen helmuga nagusia (%25).

Denetan beherakadarik handiena, hala ere, inportazioetan izan dute, %54,5ekoa. 215 milioikoa izan da inportatutako gaien balioa. Berrikuntza, nazioartekotzea, prestakuntza, jarduera eta lan taldea oinarri hartuta, orain arte moduan elkarlanean jarraitzeko, gertuko administrazioa behar dutela ere esan du Arandiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.