MONDRAGON TALDEA

Txema Gisasolak dimisioa eman du

Mondragon taldeko Kontseilu Orokorreko presidenteak kargua utzi du gaur Fagor Etxetresnen krisiak bultzatuta. "Arrazoi pertsonalak" argudiatu ditu Gisasolak. Mondragonek epe bat ireki du etorkizunaz hausnartzeko, eta tarte horretan batzorde batek kudeatuko du taldea.

Gisasola, 2012an. JUAN CARLOS RUIZ, ARGAZKI PRESS
xabier martin
2014ko urtarrilaren 17a
18:52
Entzun

Fagor Etxetresnen lurrikarak Mondragon taldeko presidentea ere aurrean eraman du. Txema Gisasola Kontseilu Orokorreko presidenteak dimisioa eman du gaur taldeko Batzorde Iraunkorrean arrazoi pertsonalak argudiatuz, BERRIAk jakin ahal izan duenez. Bere zuzendaritza kargu gorenaren ordezkapena prestatzen aritu da azken egunetan Mondragon, Gisasolaren erabakiaren jakitun. Ordezkapen hori ez zegoen bileraren eguneko gaien zerrendan, baina gai ordenatik kanpo aztertu dute. BERRIAk aurreratu du Gisasolaren asmoa gaur eguerdian.

Gauzak horrela, Txema Gisasolaren aroa bukatutzat jo daiteke Mondragon taldean. Taldeak ohar batean jakinarazi duenez, Gisasolaren erabakiaren ondoren denbora bat hartuko du "etorkizuna diseinatzeko eta oinarrizko ezaugarriak zehazteko". Epe hori igarota erabakiko dute nor izango den hurrengo presidentea. Bere agurrean "elkartasuna, esfortzua, lehiakortasuna, berrikuntza teknologikoa eta gizartearekiko konpromisoa" izan ditu hizpide Gisasolak, taldean dauden kooperatiben funtsaren eta euren etorkizuneko zutabeen oinarri gisa.

Talde eta batzorde berri bana

Presidente berria izendatu bitartean batzorde batek kudeatuko du taldea, Kontseilu Orokorraren baitan. Batzorde horrek taldearen "zerbitzuen funtzionamendu operatiboa bermatuko du eta elkarte guztietako bazkideek etorkizunean taldea nolako izango den erabakitzeko oinarriak jarriko ditu". Hasteko, taldeko hainbat kooperatiba eta arlotako arduradunek talde bat osatuko dute hausnarketan abiapuntu izango duten balorazioa egiteko. "Esparru proiektu berria definitzen amaitu eta gero" izendatuko dute presidentea.

Batzorde horren ostean Gisasolaren lekukoa nork hartuko duen ikusteko dagoen arren, segurutzat jotzen da Kontseilu Orokorreko kide bat izango dela, taldeko lehendakariorde bat, Mondragon taldearen sorreratik gaur arte bete den formulari jarraiki. Javier Mongelosek, Antonio Cancelok, Jesus Cataniak, Jose Maria Aldekoak eta Txema Gisasolak osatzen duten zerrendaren hurrengo izena hiru-lau hautagairen multzo txiki batetik aterako da.

Urritik, miran

Fagor Etxetresnen porrotaren itzal luzepean presio handiak jasan ditu Arrasateko taldeko buruzagitzara inoiz iritsitako lehendakari gazteenak. 2012ko uztailaren 1ean hartu zuen gidaritza Gisasolak, 50 urte zituela; Jose Maria Aldekoaren lekukoa hartu zuen, Aldekoa erretiro adinera iritsi zenean. Fagor Etxetresnetatik zetorren Gisasola, taldeko ikur nagusiaren Kontseilu Orokorreko zuzendaritzatik.

Ordurako taldeko marka ezagunena gain behera zetorren, 2009tik 2012ra arteko emaitza txarrek erabat zamatuta. Hori dela eta, iazko urrian, Fagor Etxetresnen krisia lehertu zenean, enpresako langile-bazkide askok eta Arrasateko taldeari presio handia egiten dioten hainbat komunikabidek —baita egoitza nagusia Euskal Herrian dutenak ere— miran jarri zuten Txema Gisasola.

Ardura bikoitzaren zama

Arrasateko kooperatiba taldeari erabaki zailak hartzea egokitu zaio 2013. urtean Fagorren hamaikagarren erreskatea dela eta; bereziki prozesu zaila izan da Gisasolarentzat, etengabeko erreskateen iturria itxiko zuela jakinarazi baitzuen taldeak urriaren amaieran. Fagor Etxetresnen zuzendaritza zein langile-bazkideak eta baita erakundeak ere —Eusko Jaurlaritza bereziki— zain-zain zeuden, maiatzean egin bezala, urrian ere Mondragonek erreskatea eman zezan.

Inor gutxik argi ikusten zuen bideragarritasun planari finantzaketa ematea ala ukatzea zen kontua, eta Gisasolak, Mondragoneko Kontseilu Orokorreko beste kideekin batera, ezezkoa eman zuen, beste ezeren aurretik taldea bera jarrita, alegia gainontzeko kooperatiben segurtasuna eta geroa lehenetsita. Esan daiteke Gisasolak ardura bikoitzaren zamari aurre egin behar izan diola ordutik: Fagor Etxetresnetan 2006tik 2012ra izan zuen karguarenari eta Mondragonen gaur arte eutsi dionari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.