IIbex-35 (+%0,51) 12.000 puntuen kaiolan preso dago. Txori Barrote eta Kaskagorri aitzakia hartuta, konpartsen aurkako erasoak jarraitu zuen egunean, txerritxoak zirelakoan tiroka hasi ziren ehiztariak. Baina odolkien koipe eskasa ikusita, zalantzazkoa da txerritxoak zirenik ere. Gehien Tecnicas Reunidas (+%2,13) gizendu zen, Inditex (+%1,48) eta Arcelorrekin (+%1,27) batera. 1.622 milioiren salerosketa eskasarekin, ezin esan datu makroekonomikoek (AEBetako asteko langabezi sarien eskariak eta Michiganeko konfiantza indizea) izugarrizko jaia eta algara eragin zutenik. Gamesa (-%0,83) eta Enagasek (-%0,62) satorrak ziruditen, behetik jokatuz; Sacyr (-%0,1) nahiz BBVAk (+%0,15) pinpilinpauxak, mugimenduen apalagatik. Hortaz, indizeak abante! egi zuen baina barullo lar barik. Zenbait etxebizitza erdiprezioan saltzera omen doan Santanderri (+%0,85), dena den, Marijaia itxura galanta antzematen zaio.
Telefonicak (+%0,83) 470 milioi ordainduko dizkio Prisa (+%3,03) komunikabide taldeari Digital Plus ordaipeko telebistaren %21en truke. Komunikabide taldeak Edurnezuriri 230 milioi zor zizkionez, 240 milioi gehiago eman beharko dizkio Edurnezurik.
Aznar Espainiako presidente ohiak ahobizarrik gabe aipatu du aurrezki kutxen pixkanakako pribatizazioaren alde dagoela. Benetako botere politikotik urrundu nahi omen ditu kutxak eta eurek eragin zuloak, banku pribatuetan politikarik ez balitz lez edo.
Txerri, bai ote?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu