Kalte egin dio burtsari txerri gripeak. Txerritxo ehiztariak ez zeuden noski kontent, eta Mexikon inbertsioak eta interesak dituztenak tirokatu zituzten nagusiki: turismo eta bidaiei loturiko Iberia (-%6,58) eta herrialde hartan inbertsio esanguratsuak dituzten Iberdrola, BBVA eta Santander (%1 pasa galdu zuen bakoitzak), berbarako. Etxean, zelulosa bilkinak egiten dituen Nafarroako Viscofan (-%7,34) tirokatu zuten, eta Gamesak (-%3,43) ere kontra izan zuen haizea. Orotara, 2.316 milioiren salerosketa izan zen datorren astera arte 34 kiderekin jarraituko duen Ibex-35eko (-%1,25) akzioetan. Osasungintzari loturiko kiderik ezean, gure indize nagusiek ez zuten, AEBetan lez, botikagileen hobekuntza sumatu. Gure indizearen salmenta sukarrak asko baitu endemikotik. Salbuespenak, Puleva Biotech (+%10,81) eta Zeltia (+%3,31) izango ziren. CAC-40an, agian, Sanofi (+%2,43). Apirilean ere, kotizazioentzat botika egokiena beti dira mozkin berri onak.
Viscofan (-%7,34) zelulosa biltzaileak atzo jakinarazi zituen aurtengo lehen hiruhileko emaitzak. Baina azoka itxi ostean. Iazkoan baino %33 gehiago irabazi du aurten, 14,6 milioi euro, eta salmentak 143 milioikoak izan dira (ia %12ko hazkundea). Txerri gripearen berriak, ordea, txerri haragiaren kontsumoa kaltetu dezake, nahiz eta ez den, berez, kutsatzeko bide. Zeharkako eragin psikologikoa pairatu du, beraz, Zangozakoaren kotizazioak. Hala ere, iazko urrian 12,28 euroan zegoen akzioak 13,38an amaitu zuen atzo eguna (%9 gorago).
Txerri gripe txerria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu