Txina, India eta Brasilen gehiago saldu behar dela dio Gipuzkoako Ganberak

Hiru urtean, 8.263 enpresa eta 17.160 lanpostu galdu dira Gipuzkoan; «kanpora atera behar da», diote.

xabier martin
Donostia
2012ko irailaren 19a
00:00
Entzun
«Gipuzkoako enpresek eutsi egin diote orain arte, baina bere mugan daude jadanik». Pedro Esnaola Gipuzkoako Merkataritza Ganberako presidentearen hitzak argiak dira. «Orain arte ikusi gabeko krisi bati aurre egin beharrean» gaudela diote, eta garbi dauka irtenbidea egotekotan esportazioan dagoela. Datuekin laguntzen du egoeraren gordina: «Hiru urteko epean, 2008tik 2011ra, 8.263 enpresa galdu ditu Gipuzkoak, 17.160 lanpostu». Txinako, Indiako eta Brasilgo merkatuetan «gehiago saltzeko beharra» erakusten dute datuek, Ganberako presidentearen esanetan.

Hala, helburua bera ez, baina tresna bilakatzeko eraldaketa prozesuan dago Gipuzkoako Merkataritza Ganbera. 1970eko hamarkadan Everestera joandako euskal espedizioari erreparatuta, Tximist plana izendatu dute prozesu horren emaitza, «nazioartean saltzeko enpresei eskaintzen zaien zerbitzua». 2011n, Gipuzkoako enpresen salmenten %34 izan dira bakarrik esportazioak; %15, soilik, Europako Batasuneko merkatua kenduta. «Gipuzkoako Merkataritza Ganberak inor gutxik izan dezakeen informazio sarea dauka nazioartean, eta hura eskaintzen diegu kanpora atera nahi dutenei», esan du Endika Sanchez ganberako zuzendari orokorrak.

«Krisiaren diagnostiko okerra egin zen 2010ean. Beste leku batzuetan ez zituzten baldintzak genituen krisiari aurre egiteko, baina krisia gurera heldu da azkenean. Jaitsiera handienak dituztenen artean gaudela ikusten dugu orain», esan du Pedro Esnaola presidenteak.

2010ean, 59.456 enpresa zeuden Gipuzkoan; soilik, 1.206, esportatzaileak (%2,03). Datuak asko hobetu daitezkeela uste dute ganberan. «Enpresa bakoitzaren azterketa oso bat eskaintzen dugu, kanpora nola atera daitezkeen ikusteko, zein produkturekin, zein lekura eta norekin lehiatzeko, besteak beste», azaldu du Sanchezek.

Hala, Gipuzkoako Ganberak esportaziorako tresna gisa eskaintzen die bere plana enpresei, «Gipuzkoako markarekin ez delako jolasean ibili behar, ezin delako esperimenturik egin». Txinako, Indiako eta Brasilgo merkatuetara jo behar dela diote, «atzeraldiaren eraginetatik urrun», eta joan ondoren «arrakasta bermatu» behar dela. Euren bitartekaritza jartzen dute berme moduan.

Kuota ordaintzeko lege berria

Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren barne aldaketa, bere baliabideen gehiengoa nazioartea lantzeko jartzea, alegia, krisi egoerarekin dago lotua; baina badu zerikusia, halaber, enpresen bazkide saria ordaintzeko derrigortasuna kendu izanak.

Gipuzkoako enpresek ez dute bazkide saria ordaintzeko derrigortasunik, lege berriaren arabera. Zehazteke dago aurrerantzean zein irizpiderekin egingo diren bazkide ordainketak —hilaren 25ean jakinaraziko dute seguruenik—, baina borondatezkoak izango dira, edonola ere. Ganberaren 2011ko aurrekontua hamar milioi eurokoa izan da; aurten bostera jaitsi da aurrekontua, eta aurrerantzean ere bost milioi euroko kopurutik hurbil egotea espero dute ganberako arduradunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.