Gerra komertziala

Txinak 3.000 milioi dolar arteko muga-zergekin erantzun dio Trumpi

"AEBetako jendeak gaizki ulertu du egoera: harroputz samarrak dira, gutxietsi egin dutelako Txinaren gaitasuna bere interesak zaintzeko", esan du Txinako Atzerri ministro Hua Chunyingek.

AEBeako presidente Donald Trump, gaur. JIM LO SCALZO /EFE
xabier martin
2018ko martxoaren 23a
15:13
Entzun

Munduko burtsak jaisten ari dira azken orduetan AEBetako presidente Donald Trumpek 60.000 milioi dolar arteko zerga-mugak iragarri ondoren Txinaren aurka. Gauerditik altzairuari (%25) eta aluminioari (%10) jarritako arantzelak indarrean sartu dira, eta munduan gerra komertzial baten beldurra azkar zabaltzen ari da. Are gehiago, Trumpek atzo Pekini egindako akusazioen ostean: industria produktuen jabego intelektualen ustezko lapurreta konpentsatzeko ezarri dizkio 60.000 milioi dolar arteko arantzelak.

Txinaren erantzuna azkarra izan da, ordea. MMEra joko du aurrena AEBek merkataritza arauak hautsi dituztela salatzera. Eta ondoren, txanpon berarekin erantzungo du: muga-zerga berriak ezarriz produktu amerikarrei. Lehen fase batean %15eko arantzela ezarriko die 120 produkturi, ia 1.000 milioi dolar osatu arte; bigarrenean, %25eko muga-zerga aplikatu die beste produktu batzuei, beste ia 2.000 milioi dolar osatu arte. Aluminio birziklatuarentzat edota zerrikiarentzat %25eko arantzela finkatu du Pekinek; eta %15ekoa ardoarentzat, fruitu lehorrentzat edota altzairu tutuentzat.

Pekinek dio arantzel berri horiek AEBetako muga-zergengatik izango dituzten galerak orekatzeko direla. "AEBetako jendeak gaizki ulertu du egoera: harroputz samarrak dira, gutxietsi egin dutelako Txinaren gaitasuna bere interesak zaintzeko", esan du Txinako Atzerri ministro Hua Chunyingek.Txinako ministroak uste du merkatuak ez daudela Trumpen alde, eta azken orduetako galerei erreparatu die. Atzo, AEBetako burtsaren hiru indikatzaile nagusiek behera egin zuten; Tokiok %4,5 utzi zuen atzoko itxieran, eta Hong Kongen ia %3. Orduotan %1 eta %2 arteko galerak pilatzen ari dira Europako plaza nagusiak.

Pazifikoko frontea eta Euskal Herriaren interesak

Momentuz, Europako Batasunak izkin egin die AEBetako arantzelei altzairua eta aluminioa direla eta. Pazifikoko frontea hautatu du Donald Trumpek. Dena den, gerra komertzial baten aukera bizi-bizirik dago, eta egoera baretzeko deiak nonahi egiten ari dira agintariak. Malcolm Turnbull Australiako lehen ministroak eskartu die AEBei eta Txinari akordio bat adosteko lehenbailehen gerra komertziala saihesteko. Tokiok, bestalde, Trumpen administrazioa Japoniako altzairua ere arantzeletatik salbuesteko konbentzituko duelako esperantza dauka.

Gauzak horrela, Europako Batasunarekin eta aliatutzat dituen beste herrialde batzuekin negoziatzea hobetsi du Donald Trumpek: apirila amaitzerako altzairu eta aluminio esportazioei buruzko akordio bat nahi du haiekin. Mexiko, Kanada, Australia, Argentina, Brazil eta Hego Korea daude talde horretan. Berri ona da Europarentzat, baina baita Euskal Herriarentzat ere. Izan ere, AEBak bazkide komertzial garrantzitsua dira euskal enpresentzat, eta merkataritza fluxua hankaz gora jartzeak kalte ekonomiko handiak eragin zitzakeen. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako esportazio guztien %6,75 AEBetara egin zituzten iaz, 2.155 milioi euro inguru. Inportazioak, berriz, ez ziren 494 milioietara iritsi. Erregaiak eta makina mekanikoak zein elektrikoak saltzen dira gehien, esportazioen %29 batek zein besteak

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.