Merkataritza

Txinak dio EBk merkataritza arauen urratzea «mozorrotu» nahi duela

Pekinek eskatu du MMEko eskubide osoko kide tratua emateko ‘dumping’-a aztertzerakoan 

Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentea, Li Keqiang Txinako lehen ministroa eta Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea, uztailean, Pekinen.. HOW HWEE YOUNG/
Jon Fernandez.
2016ko azaroaren 10a
10:26
Entzun

 

Berehala erantzun dio Pekinek Bruselari, Europako Batzordeak Txinaren dumping-aren kontrako neurriak gogortuko dituela iragarri eta biharamunean. Merkatuko distortsioak kalkulatzeko sistema berria proposatu zuen atzo EBk, besteak beste Txinak altzairuarekin egiten duen lehia desleialari gogorrago erantzuteko. Bada, Txinako Merkataritza Ministerioak erantzun dio, esanez proposamen horrek MME Munduko Merkataritza Erakundeko arauen kontra egiten duela. 

Kontua da datorren abenduaren 11n Txina MMEn sartzeko itunaren epea amaituko dela, eta EBk erabaki behar duela Asiako herrialdeari merkatu ekonomia kategoria aitortuko dion ala ez. Behin estatus hori aitortuta, dumping-aren aurkako gaur egungo sistema ezingo litzaioke aplikatu Txinari, eta hori saihestu nahi du Bruselak. Izan ere, bestela, 200.000 lanpostu galduko lirateke EBn.

Bruselak sistema osorik eraldatzea proposatu du, Txina merkatu ekonomia gisa aitortu arren ere, lehia desleial kasuak aurkitzen direnean zigorrak ezartzeko aukera izateko. Horretarako, merkatu distortsioak detektatzeko irizpideak aldatuko lituzke, salmenta prezioei erreparatzeaz gain, produkzio kostuei ere erreparatzeko. Hain zuzen ere hor dago arazoa, esaterako, altzairuarekin, Txinak produkzio kostua baino merkeago saltzen duela. 
 

Bidezko merkataritza
Bada, Pekinek salatu du joko arau aldaketa hori MMEren araudiaren kontrakoa dela. «Europako Batzordeak Merkatu ekonomiarik gabeko herrialdea metodoaren ordez proposatutako Merkatu distortsioak metodoak, funtsean, mozorrotu baino ez du egiten gaur egungo jardun berbera». 

Pekinek nabarmendu du Txina MMEko «eskubide osoko kide bezala» tratatu beharko dela abenduaren 11tik aurrera. «MMEko kideek bete beharreko derrigortasuna da Txina merkatu ekonomiatzat hartzea dumping-aren kontrako neurriak kalkulatzerako orduan».

Merkataritza librearen aldeko aldarria egin du Bruselak, baina merkataritza bidezkoa izatea nahi du. 2015 amaieran Txinatik inportatutako produktuen aurkako 52 dumping neurri zituen indarrean EBk. Neurri horiekin 250.000 zuzeneko lanpostu babesten ditu Bruselak industriako hainbat sektoretan.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.