Merkatuei, inbertitzaileei eta enpresa askori esperantza eman diete Donald Trumpek eta Xi Jinpingek. Txinak konpromisoa hartu du AEBei 40.000-50.000 milioi dolarren erosketak egiteko laborantzako produktuetan —36.000 eta 45.000 milioi euro artean, alegia—. Laborari estatubatuarrei zuzendu zaie Trump telebistaz, bere ohiko tonuan, eta «traktore gehiago» erosteko esan die.
AEBek, berriz, muga zergen igoera geldiaraziko du; Txinatik inportatutako produktuen muga zergak %25etik %30era igotzekoak zituzten aurki —226.000 milioi euroren balioa luketen produktuei eragingo lieke neurri horrek—. Heldu den asteartean sartu behar zuen indarrean zergen igoerak. Abenduan produktu gehiago zergapetzeko asmoa zuen Washingtonek.
Trumpen hitzetan, akordio baterako «lehen fasea» da hau: «Oraindik idatzi gabe dago». Erredaktatu egin behar dute, eta azaroan Txilen egingo den goi bilera batean izenpetuko dute bi aldeek.
Merkataritza akordio oso bat egitea «oso handia» dela esplikatu du Trumpek, eta horregatik zatika joango direla hitzarmenak egiten. Xehetasun askorik ez du eman, baina azaldu du finantza zerbitzuei buruz eta jabetza intelektualari buruz lortu dituztela adostasunak oraingo honetan.
Nolabait ere, bi parteek adosteko errazen zituzten puntuetako batzuetatik hasi direla esan liteke. Huaweiri buruzko gatazka eta, horri lotuta, AEBek «teknologia transferentzia behartua» esaten diotenari buruzko eztabaida ez dute hasi bi aldeek. Beharbada «bigarren fasean» helduko diotela adierazi du Trumpek. Huaweiri buruzko auziak eta AEBen eskariak, gainera, aparteko beste prozesu batean lantzen ari direla erantsi du.