Laboaren bizitza DVDan azaldu zuten egunean, indizeetan ere nor den nor argituz doa. Martxoko minimoetatik izandako irabazi handiak gehiegizkotzat jo, eta txerritxoak txerritxo eta txoriak txori, gehiegizko poza alboratzeko garaia heldu da. Rating etxeak Espainiako edota AEBetako banku eta kutxen kalifikazioa jaisten dabiltza ia egunero; Wall Streeten bultzada goriaz gain, Espainiako ekonomiari gaixo itxura hartu diote analistek eta Sacyrrek %7,35 galdu zuen, %6na pasa OHL eta Accionak. Bolsas y Mercados eta Ferrovial %5na pasa amildu ziren. Bankuetan Bankinter (-%4,11) eta %3na pasa galdu zuten BBVA, Popular eta Sabadell nabarmendu ziren. Eskerrak Edurnezuri (=) eta Santander (-%1,01) nola edo hala moldatu ziren. 9.300 puntuen langari agur esan dio Ibex-35ek (-%2,26) eta berrikuntzak berrikuntza, finean mozkin aurreikuspenekin lerratu beharko du, tradizioak agintzen duenez, enpresen balioak. 2.846 milioren tiroak; altu.
Iberdrola. Iberdrolak (-%6,09) larrutik ordaindu du 1.325 milioiren kapital hedatzea. Akzio berriak 5,3 euroan saldubehar izan ditu eta zaharrak 5,55 euroraino merkatu dira. Kapitala garesti dagoen seinale. Hori bai, zorra txikitzeko balioko dio.
Sos Cuetara. Sos Cuetararen (+%11,55) epaitegietako foiletoiak tiroketak eragin zituen atzo txerritxo ehiztarien artean. Duela urtebete baino %73 gutxiago balio du oraindik akzioak eta zuzendaritzako Salazar anaien aurkako salaketak aurrera jarraitzen du.
Txoria txori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu