«Beharbada huts egin dugu errateko moduan, eta barkamena eskatzen diot minduta sentitu den edonori. Hala ere, argi diot ezin dela Enplegu ministro izan gure sektorearen inguruko susmoak dituen eta lehen sektorea defendatzen ez duen pertsona bat». Hitz horiekin eskatu du barkamena gaur Felix Bariain Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Batasuneko (UAGN) idazkari nagusiak.
Atzo goizean sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez, Yolanda Diaz Enplegurako ministroa mehatxatu zuen Bariainek. «Ez dakit zer fasetan ateratzen ahalko ditugun traktoreak karrikara, baina nire hitza ematen dizut ikuskapenak eta galdetegiak kentzen ez badituzu oraingoan ez garela baketsuak izango», bota zion Bariainek Diazi. Bariainen mehatxuak harrabotsa sortu du komunikabideetan, eta hainbat alderdi politikok ere gaitzetsi dituzte bere hitzak.
Nekazaritza guneetako lan baldintzei buruzko ikerketa indartzeko eskatu zuen Diazek apirilaren bukaeran, eta bereziki ikertzeko nola dauden maiatzean eta ekainean nekazaritza eremuetara joaten diren sasoikako langileak. Horrekin batera, esplotazio kasuak detektatu eta ikertzeko galdetegi bat ere proposatu zuen.
Gaur sare sozialetan zabaldutako bideoan, Bariainek nabarmendu du UAGN ez dagoela lan ikuskapenen kontra; aitzitik, ezkutuko ekonomia azaleratzean alde daudela nabarmendu du. Azpimarratu du, ordea, lan ikuskapenetan bete beharreko baldintzak zorrotzegiak direla: «Bertze gauza batzuen artean, norbera babesteko ekipamenduak non genituen galdetu digute, eta hori ez da justua, guk horiek administrazioari eman genizkiolako». Bariainen ustez, «asmo txarrarekin» jokatu dute ikuskapenak egiteko orduan.
Bariainek beren lana defendatu du: «Koronabirusaren krisiak iraun duen bitartean, herritarren hozkailuak bete ditugu, gure herriak desinfektatu ditugu, eta, gainera, osasungintzako profesionalak zakar poltsekin lanean ari zirela ikusi genuenean, gure norbera babesteko ekipamenduak eman genizkien», nabarmendu du.
Alderdi politikoen gaitzespena
Navarra Sumak salbu, Nafarroako Parlamentuan dauden alderdi denek gaitzetsi dituzte Bariainen hitzak. PSNko Ramon Alzorrizek nabarmendu du herritar denek dutela beren lan sektorea defendatzeko eskubidea, baina argi utzi du ezin dela hori «edozein modutan» egin. Geroa Baiko Uxue Barkosek ere Barainen hitzak gaitzetsi ditu, eta salatu du «onartezina» dela gehiegizko kontrolez kexatzea eta ordena publikoa haustearekin mehatxu egitea.
EH Bilduko eledun Bakartxo Ruizek ere nabarmendu du Bariainek errandakoak kezkatu dituela: «Honek ez gaitu harritu, lehenagotik ere nahiko adierazpen arrazista eta xenofoboak egin baititu. Nafarroako eskuin muturra nolakoa den azaltzen ari da». Ahal Duguko Mikel Builek argi utzi du lan ikuskapenak alor guztietan egiten direla, eta Bariaini erran dio «ohitu» egin beharko duela. Ezkerrako Marisa Simonek babesa helarazi dio Diazi, eta salatu du «nekazaritzan aritzeko langileak modu prekarioan kontratatu nahi zituen bera dela orain lan ikuskaritzez kexu dena».