UAGNko idazkari nagusiak erran du nekazarien hurrengo protesta ez dela «baketsua» izango

Yolanda Diaz Espainiako Enplegu ministroak lan ikuskapenak zorroztu izanak nekazarien eta abeltzainen sektorea haserrearazi du. UAGN sindikatuko Felix Bariainek mehatxu egin dio Diazi, eta erran dio ikuskatzeak gelditzen ez baditu hurrengo protesta ez dela baketsua izango. 

UAGN sindikatuak otsailean Iruñean egindako protestaren une bat. IñIGO URIZ FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko ekainaren 3a
18:37
Entzun

«Ez dakit zer fasetan ateratzen ahalko ditugun traktoreak karrikara, baina nire hitza ematen dizut ikuskapenak eta galdetegiak kentzen ez badituzu oraingoan ez garela baketsuak izango». Mehatxu hori bota dio Felix Bariain Nafarroako Abeltzain eta Nekazarien Batasuneko (UAGN) idazkari nagusiak  Yolanda Diaz Espainiako Enplegu ministroari. Otsailean egin zuten azken protesta laborariek, Iruñean, eta traktoreak atera zituzten karrikara. «Nafarroan, nekazariek eta abeltzainek ez dituzte beren langileak esplotatzen. Eta kasuren bat balego, salatu egingo genuke. Hurrengo protesta ez da izango otsailaren 19an traktoreekin egin genuen entzierroaren simulazioa bezalakoa. Beste baldintza batzuetan izango da». 

Nekazaritza guneetako lan baldintzei buruzko ikerketa indartzeko eskatu zuen Diazek apirilaren bukaeran, eta bereziki ikertzeko nola dauden maiatzean eta ekainean nekazaritza eremuetara joaten diren sasoikako langileak. Horrekin batera, esplotazio kasuak detektatu eta ikertzeko galdetegi bat ere proposatu zuen. Horrek, ordea, abeltzain eta nekazarien patronalaren haserrea piztu du, eta haren dimisioa ere eskatu dute azken egunetan. 

Bariain izan da Diazen dimisioa eskatu duenetako bat, eta ministroak proposatutako galdetegia erabat «neurrigabea» dela iritzi dio. «Probokazio larria da. Pixkanaka normaltasun berrira itzultzen ari garela dirudien honetan, egoera onartezin hori aurkitzen dugu», salatu du. Galdetegi horietan langileei estresatuta, nekatuta eta akituta dauden galdetzen diete, bertzeak bertze. Bariainen hitzetan, «onartezinak» dira galdera horiek. 

Patronalaren protestaz gaindi, nekazaritzan eta abeltzaintzan ikuskapenak ugaritzen hasi zirenetik hainbat pertsona atxilotu dituzte Espainian sasoikako langileak esplotatzeaz akusatuta. Maiatzaren 15ean, Medina del Campon (Espainia), 11 pertsona atxilotu zituzten, eta hilaren bukaeran ikerketa bat abiatu zuten Andaluzian ustez migratzaileak engainatu eta esplotatzen zituen sare baten aurka. 

Hitzarmen kolektiboa sinatu dute gaur

Hain zuzen ere, gaur sinatu dute nekazarien eta abeltzainen hitzarmen kolektiboa UGT eta CCOO sindikatuek. Lau urterako hitzarmena da, eta urteko %1,5eko soldata igoera ezartzen du, KPIa gehi % 0,4 bermatuz. Lanaldia lau ordu murriztea ere aurreikusten da, eta ospitaleratzeak dirauen bitartean kotizazio oinarriaren %100 ordainduko da. Akordioak, gainera, jasotzen du gehienez ere 90 egunez lan egin ahalko dela peoi biltzailea lanbide kategorian, eta lanaldi jarraitua irailaren 30era arte luzatuko dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.