Garraioak

Uberrek zapaltzeko beldur

Uber aplikazioa sekulako arrakastaari da izaten mundu osoan. Taxilariek diote legez kanpokoa dela, eta hainbat hiritan debekatzeko eskatu dute.

jarraia91335.jpg
Miren Garate.
2014ko apirilaren 27a
19:00
Entzun

Aplikazioa oraindik ez da iritsi Euskal Herrira, baina kezka bai. "Lehia egin diezaguken edozerk sortzen digu kezka, baina are gehiago lehia hori bidegabea izanik eta gauden egoeran egonik". Saturnino Alonso Taxien Euskal Federazioko presidentearen hitzak dira. Uberri buruz ari da, iristen den tokira iritsita taxilarien haserrea eragiten duen zerbitzuaz.

Android nahiz iOS sistema eragileetarako prestatutako aplikazio bat da Uber. Hiri barruan ibilgailu bat eskatzeko aukera ematen du, deirik egin gabe, sakelakoan botoi bati sakatze hutsarekin. Nola? Nahi duenari gidari lanak egitea eskainita. Aplikazioaren webgunean erregistratu behar da horretarako. Ez da beharrezko gidari profesionala izatea. Uberrek soilik eskatzen du 23 urte baino gehiago izatea, gidabaimena edukitzea, autoaren aseguru propioa izatea, ibilgailua lau atekoa izatea eta egoera onean egotea.

Zerbitzuak arrakasta izateko ahalik eta gidari gehien lortu behar ditu Uberrek, azkartasuna baita erronketako bat. Mapen zerbitzu batekin, jasotzeko puntu zehatza adierazten dute erabiltzaileek, eta ikusi egiten dute eskatutako ibilgailua unean-unean non dagoen. Zenbat eta gertuago egon, noski, orduan eta azkarrago. Ordaindu, taxietan bezala, denbora eta kilometroak kontuan hartuta egiten da. Tarifak merkeagoak dira, eta ez da beharrezkoa momentuan dirua edo txartela eskura izatea. Erregistroa egiterakoan emandako kontuko zenbakiarekin egiten da fakturazioa.

Autoa eskainita sos batzuk lortzeko aukera gisa ikusi dute batzuek, baina taxilariak, ordea, sutan jarri ditu. Kontsumitzaileen eta sektorearen interes talkaren adibide ari da izaten afera. Merkatuaren liberalizazioak kontsumitzaileei mesede egingo diela nabarmentzen dutenei aurka egiten diete taxilariek, besteak beste, ofizioan hasi ahal izateko gastatu behar izan duten dirutza argudiatuta.

Hala, Uber legez kanpokoa dela diote. Gidariek beharrezko lizentziarik ez dute, ikuskatzerik ez zaie egiten, zergarik ez dute ordaintzen, aseguruekin arazoak izan daitezke... "Legez kanpokoa izateaz gain, ezkutuko ekonomia da", dio Alonsok. Gogoratu du Espainiako lurreko garraio legeak eta EAEko taxien legeak halako jarduerak debekatu egiten dituztela. Horien arabera, ezin da kobratu beste pertsona bati garraioa eskaintzeagatik, ez bada gastuak partekatzeko. "Atzera egitea da, hirugarren munduko lana; halako ibilgailuetan doazenek ez dute inolako estaldurarik edo segurtasunik".

Mugak eta isunak

2009an AEBetan sortutako konpainia da Uber —tartean Googleren parte hartzea du—. Gaur egun, 34 herrialdetan aritzen da, 90 hiritan, arrakasta handiz. Bartzelona da azkena estreinatu duenetako bat. Hango taxilariek egindako presioaren ondorioz, Kataluniako Generalitateak espedientea ireki dio, "kontrolatzeko enpresaren jarduera guztiek araudia errespetatzen dutela".

Parisen, erabaki zuten halako ibilgailuren bat eskatzen dutenek gutxienez 15 minutuan zain egon beharko zutela. Uberrek dio bost minutuan zerbitzua bermatzeko gai dela. Otsailean indargabetu egin zuten dekretua, baina soka luzea ekarri du gertatutakoak. Azkenean, Frantziako Gobernuak neurri sorta bat proposatu du "taxien sektorea modernizatzeko" eta ibilgailu gidaridunen eskaintza arautzeko. Besteak beste, neurri sorta horrek biltzen du halako zerbitzuren bat eskaini nahi dutenek derrigorrean ikastaro bat egin beharko dutela edota sei hilean behin autoak ikuskatu beharko dituztela.

Urrunago joan da Brusela. Debekatu egin du aplikazioa, eta 10.000 euro arteko isunak iragarri ditu norbait hartzeko saioa egiten dutenentzat. Neelie Kroes Europako Batzordeko presidenteordea bera izan da erabakia kritikatu duenetako bat. "Suminduta" dagoela esan du. "Bruselan, gai hauetako arduraduna Brigitte Grouwels da: Mugikortasun ministro titulua du, baina akaso Mugikortasunaren Aurkako ministro behar luke". Gaineratu du %100ean babesten duela Uberren zerbitzua, eta bere saileko kideek mundu osoan erabiltzen dutela, "zerga ordaintzaileei dirua aurrezteko".

Uberrek eskaintza ezberdinak ditu. Bartzelonan eta Parisen, esaterako, Uberpop zerbitzuarekin hasi da. Aukera horrek edonori uzten dio gidari izaten, autoa  edonolakoa izanda ere. Halere, Uberren negozio nagusia beste bat da: gama altuko ibilgailuak eskaintzea gidariekin. Hasi horrekin egin zen. Arlo horretan ere izan du debekurik. Berlinen, adibidez, taxilarien elkarte batek jarritako salaketaren ondoren, galarazi egin dute. Europako auzitegietara joko duela iragarri du Uberrek. Berriki bizikleta bidez banaketa egiten ere hasi da Uber AEBetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.