Uda aurretik bezainbeste dira ia erregulazioengatik kaltetutakoak

Urrian enplegua erregulatzeko beste 230 dosier onartu dira Hego Euskal Herrian, eta 5.665 langileri eragin diete

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2009ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Udak atzeratu egin ditu enplegua erregulatzeko dosierrak, eta udako etenaldiaren ondorioak urrian nabaritu dira. Uztailean eta abuztuan ohi baino enpresa gutxiagok aurkeztu zituzten dosier eskaerak. Baina enpresak irailean beren ohiko jarduerara itzuli eta dosierrek nabarmen egin dute gora: urrian 5.656 langileri eragin dieten 230 espediente berri onartu zituzten EAEko eta Nafarroako administrazioek, horietako gehienak irailean aurkeztuak.

Dagoeneko, urte hasieratik 2.617 dosier onartu dituzte lau lurraldeetan, eta, guztira, 73.366 behargini egin die kalte. Gipuzkoako enpresak dira dosier gehien aurkeztu dituztenak, 906 urtarriletik urrira, eta Araban izan da kopururik txikiena, 288.

Erregulazioetan urrian emandako igoera azaldu nahi izan zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 195 dosier onartu zituzten hilabete horretan, iraileko kopuruaren bikoitza. Administrazioaren arabera, urrian onartutako espediente gehienak irailean aurkeztukoak dira, «uztaileko eta abuztuko etenaldiaren ostean». Nafarroan neurri txikiagoan igo dira erregulazioak irailetik urrira, 34tik 45era.

Aurtengo lehen hamar hilabeteetan, enpresen ordezkariek sindikatuekin hitzartutakoak izan dira Hegoaldean onartutako dosier gehienak, %86.

Industria, kaltetuena

Erregulazioetara jotzeko enpresek emandako arrazoirik ohikoena «eskaeren jaitsiera» izan da eta, horren ondorioz, ekoizpenak eta salmentek ere behera egin izana, Eusko Jaurlaritzatik zehaztutakoaren arabera. Horrexegatik, industria sektoreko enpresetan izan dira dosier gehienak, hamarretik zazpi Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ondoren, zerbitzuetan aurkeztu dira espediente gehien, hamarretik bi.

Enpresetako lan zamaren beherakadak erregulazioen %95etan kontratuak aldi baterako eteteko izatea eragin du, Lan Sailaren arabera. Nafarroako Gobernuak urrian onartutakoen %86 ere etetekoak ziren.

Dosier berriak azaroan

Euskal Herriko ekonomiak krisialdian jarraitzen duela egiaztatzen dute azaroan aurkeztutako enplegu erregulazio berriek. Ayra Cardan multinazionalak Deban (Gipuzkoan) duen lantegiko 51 langile kaleratzeko bigarren dosierra aurkeztu du, aurrekoa kendu eta hilabetera.

Langile batzordeak «lotsagarria» deritzo eskaerari, enpresak azken bi urteetan izandako etekinei erreparatuta. Langileen herena kaleratuta, «krisian ere mozkinei eutsi nahi izatea» leporatu diote multinazionalari.

Abanto-Zierbenako (Bizkaia) Grafman eta Lember enpresei, aldiz, 14 eta 21 langile kaleratzeko aurkeztutako dosierrak ukatu dizkie Bilboko merkataritza epaitegiak. Epailearen ustez ez dituzte egiaztatu kaleratze orokorren zergati ekonomiko eta teknikoak.

Nissan autogileak Nafarroan aurkeztutako erregulazioak, bestetik, multinazionalarentzat lan egiten zuten azpikontratak kaltetuko dituela salatu zuen LABek atzo. Nissanek lantegiko 56 langile kaleratu beharrean, garbiketa eta mantentze zerbitzuetako azpikontratetako beharginak bidaliko dituzte.



Langileek ez dute onartu Etxebarriko Arcelorren 120 lanpostu kentzea

Arcelor Mittal multinazionalaren Etxebarriko (Bizkaia) langile batzordeak baztertu egin du enpresak 120 lanpostu kentzeko aurreikusitako plana. Sindikatuen arabera, konpainiaren ordezkari batek 2012. urterako langileen %20 aurre erretiroen bidez bidaliko dituztela iragarri zuen duela egun batzuk.

Enpresak lantegiko dekapatze eta xaflatze atalak itxi zituen duela hilabete batzuk eta harilak Asturiasetik (Espainia) xaflatuta ekartzeko asmoa du, langile batzordeak esandakoaren arabera. Horrela, Etxebarrin latorrizko produktuen ekoizpenaren azken fasea besterik ez dute egingo. Langile batzordeak bilera eskatu dio zuzendaritzari bere asmoen berri izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.