Onak izaten dira uda hasi aurreko hilabeteak enpleguarentzat, sektore jakin batzuetan lan karga handitu egiten denez, langile gehiago hartzen dituztelako enpresek. Uztailean, ordea, langile eskaera jaitsi egiten dela erakusten dute azken urteetako datuek. Aurten ez da halakorik geratu. Hirugarren hilabetez jarraian gutxitu da enplegu bila dabiltzanen kopurua. SPEE Espainiako Enplegu Zerbitzu publikoak emandako datuen arabera, uztail amaieran 181.841 lagun zeuden izena emanda Lanbideren eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuen bulegoetan, ekainean baino 4.273 gutxiago, ehunekotan, %2,3 gutxiago.
«Datu positiboak dira, 2005eko uztailetik izan diren onenak, eta bereziki ona da langabezia, batez ere, gazteen artean jaitsi izana», adierazi du Javier Ruiz Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordeak. Antzera mintzatu da Adegi Gipuzkoako enpresaburuen elkartea. Gogorarazi du 1998tik lehen aldiz murriztu dela langabezia uztailean Gipuzkoan. «Guztiz positiboa da datua, inoiz ez zen hainbeste jaitsi», azaldu du patronalak. Bizkaian eta Araban ere behera egin du tasak. Nafarroan, aldiz, 44 langabek gehiagok eman dute izena enplegu zerbitzuetan.
Alabaina, sindikatuen iritziz, datua ez da hain baikorra. Langabeziaren jaitsiera udako lanpostuetarako kontratazioek soilik eragin dutela adierazi dute, eta gazteen artean horregatik murriztu dela gehiago. Lanpostuen behin-behinekotasun tasa kritikatu dute. Espainiako Gobernuak behin eta berriz esan zuen lan erreformak aldi baterako kontratuak murrizteko balioko zuela. Uztailean 85.725kontratu egin ziren Hego Euskal Herrian, horietatik %5 bakarrik izan dira mugagabeak. Litekeena da, beraz, datozen hilabeteetan egoera aldatu eta langabekopuruak goranzko joera hartzea.
Hain zuzen, datuen konparaketa iazko uztailarekin eginez gero ere, langabeziak lau herrialdeetan egin duela gora ikus daiteke: gutxiena Nafarroan, %1,96, Gipuzkoan %5,69, Araban %13,59 eta gehiena Bizkaian, %13,83. Hala, biztanleria aktiboaren %13 ari da lan bila. Horien artean %53 dira emakumezkoak eta %47 gizonezkoak. Hego Euskal Herrian bizi diren atzerritarren %15 daude langabezian.
Langabezia datuen berri ez ezik, langabeek jasotzen dituzten sariei buruzko datuak ere eman ditu SPEEk. Hamarretik seik ez dute inolako laguntzarik jasotzen. Jasotzen dutenen artean, batez beste 918 eurokoak dira laguntzak Araban; 954 eurokoak Bizkaian, 919 eurokoak Gipuzkoan eta 920 eurokoak Nafarroan.
Udako kontratuek langabezia jaitsarazi dute hirugarren hilabetez
Enplegu zerbitzuetan ekainean baino 4.273 lagun gutxiagok eman dute izena; iaz baino 15.068 gehiagok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu