Urteko hirugarren hiruhilekoan 4.600 lanpostu galdu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Krisia gogortu zenetik galera handiagoak izan dira, baina Eustatek atzo jakinarazi zuen datuak badu kezkatzeko moduko beste ezaugarri bat: ez da ohikoa udako hilabeteetan lanpostuak murriztea. Okupazioaren beherakadarekin batera, langabeziak ere atzera egin zuen, populazio aktiboaren jaitsierari esker.
Euskal Estatistika Erakundeak 1985. urtetik aurrerako datuak biltzen ditu. Horiei erreparatuta, soilik sei urtetan gertatu dira enplegu galerak ekaina eta iraila bitartean. Atzo jakinarazitako kopurua txarrena da 1993. urtetik, hain zuzen ere. Orduan baino 250.000 okupatu gehiago daude orain Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Iragan hurbilean jaitsiera bakarra 2009 urtean gertatu zen, eta 2.000 lanpostu baino ez ziren izan.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sailak datua ez dela ona onartu du. Araba da salbuespena. Ez du enplegurik galdu aurreko hiruhilabetetik, eta aurreko urtean baino okupazio gehiago duen herrialde bakarra da. Guztira, aurreko urtean baino 21.400 lanpostu gutxiago zenbatu zituen Eustatek udan. 2008 urtetik 58.300 lanpostu galdu dira, gainera.
Udan ere enplegua gutxitu izanak urteko azken txanpari buruzko kezka sortu du. Ekonomiaren jarduera moteldu da, eta urteko aurreikuspenak murriztu behar izan ditu honezkero Jaurlaritzak, tartean enpleguarena. Iraila arte aurten lanpostu garbiak sortu zirelako usteari eutsi zion Patxi Lopezen gobernuak, baina azken aurreikuspenetan 3.800 galduko zirela kalkulatu du. Heldu den urtean, batez beste, 2.900 sortuko direla aurreikusi du.
Desoreka langabezian
Okupazioaren jaitsierak ez du ondoriorik izan langabeziaren datuan. Izan ere, populazio aktiboaren jaitsiera esanguratsuak — 8.100 lagun — langabezia tasa murriztea eragin du. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, 3.500 langabe gutxiago daude EAEn. Langabezia tasa %10,6an geratu da, hiru hamarren jaitsi eta gero.
Langabeziaren garapena ezberdina izan da herrialdeen artean. Behera egin du Araban (900 langabe gutxiago) eta Gipuzkoan (3.600 gutxiago), baina Bizkaian gora egin du berriro. Herrialdeen arteko «desoreka» eta Bizkaiko datu eskasa nabarmendu zituen Jaurlaritzak, halaber. Bizkaiaren langabezia tasa %13,5 da, Gipuzkoarena %7,5, eta %6,9 Arabarena.
Azken urtean langabezia beste herrialdeetan baino nabarmen gehiago handitu da Bizkaian. Gaur egun, 75.600 langabe daude herrialdean, orain dela hamabi hilabete baino 20.800 lagun gehiago. Gipuzkoak iaz baino 2.400 langabe gehiago ditu. Araban, berriz, egoerak hobera egin du: 4.300 lagun gutxiago kalkulatu ditu langabezian Eustatek. Guztira, 111.400 lagun beharrik gabe daude. Enplegu zerbitzu publikoen zerrendetan, berriz, 184.000 pertsona daude Hego Euskal Herri osoan.
Eustaten inkestaren datuak baliatu zituen EAJk Patxi Lopezen gobernuaren aurka egiteko. Politika aktiboen kudeaketa «negargarria» izaten ari dela salatu zuen Josu Erkoreka hautagai jeltzaleak, eta INEMeko kartelak Lanbidekoekin aldatzea ez dela nahikoa adierazi zuen.
Udan ere 4.600 lanpostu galdu dira EAEn, aspaldiko daturik txarrena
Populazio aktiboaren murrizketari esker, langabezia tasa ere jaitsi egin da uztaila eta iraila bitartean, Eustaten inkestaren araberaLangabezia tasa %13,5era igo da Bizkaian, beste herrialdeetakoa ia bikoizteraino
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu