Lan gatazka

«Udazken beroa» iragarri dute merkataritzan

ELAk eta LABek historikotzat jo dute merkataritzan deituriko grebaren jarraipena. Digitalizazioa kaleratzeak egiteko «aitzakia» bezala erabiltzea egotzi diete kate handiei  

Merkataritza langileek Bilbon egin duten manifestazioko pankarta. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko ekainaren 25a
19:52
Entzun

Udazken eta neguko denboraldia «beroa» izango da Hego Euskal Herriko merkataritzan. Arropa saltokietan izango da bereziki, eta usteak ez du zer ikusirik etortzeke dauden moda joerekin. Izan ere, ELAk eta LABek mobilizazio asko iragarri dituzte uda osterako merkataritzaren sektorean. Langileen  lan baldintzak okertzen ari direla salatu dute, batez ere jardunaldiak murriztuz, eta saltoki handiak digitalizazioa aitzakia bezala erabiltzen ari direla dendak ixteko. Era berean, nabarmendu dute egun lan hitzarmen ugari negoziatzen ari direla, eta jarrerak «oso urrun» daudela. 

ELAk eta LABek greba eguna deitu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako merkataritzan. ELAk du gehiengoa sektorean eta bi sindikatuen artean %80tik gorako ordezkaritza dute. «Historikotzat» jo dute jarraipena, eragina gorabeheratsua izan zen arren. Zara, Cortefiel edo Carolina Herrera bezalako dendek itxi dute, baina beste batzuk ireki egin dute. «Gaur egun langile batekin edo birekin ireki dezakezu denda. Era berean, badakigu Araba, Bizkaia edo Gipuzkoatik kanpoko langileak ekarri dituztela, eta langile eta arduradun askok presioak jasan dituztela greba ez egiteko. Behin behineko langileek batez ere», azaldu du Marije Fernandez ELAren merkataritza ordezkariak. 

Bilbon eginiko manifestazioaren aurretik egin ditu adierazpenak. Donostian eta Gasteizen ere egin dituzte mobilizazioak. Manifestazio koloretsuak izan ziren, hein handi batean emakumez osatuak. Merkataritza sektore oso feminizatua da. Jai giroko piketeak egin dituzte, saltokien atean dantza egin eta musika ozen jarriz. Ez da istilurik egon, eta hainbatek pertsiana jaistea eta tarte batez ixtea lortu zuten. Antolatzaileek beherapen sasoiaren lehen eguna aukeratu zuten deialdirako, ikusgarritasun handiagoa lortu eta «min» egiteko.

Bilboko manifestazioa CEBEK Bizkaiko enpresarien egoitzaren aurrean bukatu da, eta hari zuzendu zaizkio deitzaileak. Egun hainbat lan hitzarmen ari dira negoziatzen, eta bertan eragin nahi dute. «Lan itun asko iraungiak daude, oso zahartuta. Digitalizazioa bezalako prozesu berriak sartu behar dira, eta baldintzak duindu. Digitalizazioa iritsiko bada, lan baldintzak duintzeko izan behar du. Mahaian ez bagaituzten entzuten kalean aurkituko gaituzte», aurreratu zuen Irati Sienra LABeko merkataritza arduradunak.

Merkataritzan lan hitzarmen  asko daude, eta egia da asko aspaldian berritu gabe daudela. Ehungintza salmentarena da zabalduenetako bat, eta hura 2015ean berritu zuten azkenekoz Bizkaian; 2017an, Gipuzkoan; eta Arabakoa iazko abenduan amaitu zen. Larru eta oinetakoen salmentakoa, esaterako, 2007an amaitu zen Bizkaian. Sindikatuek lurraldeetako patronalekin negoziatzen dituzte itunak. Cecobi Bizkaiko merkatalgintza patronalak ez du grebaren baloraziorik egin.

Lan hitzarmenen auzia gatazkaren arrazoietako bat da, baina sindikatuek gehiago aipatu dituzte. «Ezin da onartu milioika euroko irabaziak dituzten multinazional handiak patrikak betetzen jarraitzea eta langileen lan baldintzak ez hobetzea», salatu du Fernandezek. Sienrak eredu bat jarri du: «Langile askori lanaldiak murriztu dizkiete.  Digitalizazioarekin lan ordu asko soberan dituztela esaten diete. Bada orduan baldintzak hobetzeko baliatu dezatela, lanaldiak murriztu eta soldatak hobetuz».
 

«Mamua» ikusgai
LABeko ordezkaria oso grafikoa izan da mobilizazioaren arrakastaren arrazoia azaltzean: «Mamua datorrela ikusten du jendeak». Mamua, hein handi batean Internet bidezko salmenten zabalkundea da eta kate handiak denda fisikoetan hartzen ari diren erabakiak: «Digitalizazioa aitzakia bat da. Argudio horren azpian lan erregulazio pila bat abian jartzen ari dira».

Merkataritzaren sektoreko azken lan gatazka ezaguna H&M arropa denda katearena izan da. Hego Euskal Herrian 47 kaleratze egiteko asmoa plazaratu zuen eta hainbat denda ixtekoa. Langileek hilabete luzeko greba egin zuten, eta azkenean, Fernandezen hitzetan, «nahi zutenek bakarrik» utzi dute lana. Espainian abian jarritako erregulazioak Hego Euskal Herrian eragin txikiagoa izatea lortu zuten sindikatuek, ELAk bereziki. Sindikatuaren ordezkariaren iritziz, aurrekari horrek piztu egin ditu sektoreko langileak. «Gako handi bat izan da. Estatu mailako erabaki bat zen, eta hemen hari buelta ematea lortu dugu. Langileen lorpen bat izan da, eta besteak animatu ditu».

Sindikatuek, halaber, nabarmendu dute beraien eskaerak ez doazela saltoki txikien aurka, aurkakoa baizik. Sierna: «Haien biziraupenaren alde ari gara. Saltoki txikiek aurrera egiteko beste merkataritza eredu bat sustatu behar da. Merkataritza langileekin gertatzen ari dena gatazka sozial bat da. Kaleratzeak geldizteko eta kalitatezko enplegua sortzeko neurriak behar ditugu». Zentzu horretan erakunde publikoen inplikazioa eskatu zuten. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.