"Lan baldintzak Nafarroan negoziatzeko eskubidea langileei ukatzea erabaki dute". ELAk eta LABek garbi diote UGTk, CCOOk eta CEN patronalak ez dutela nahi lanbide arteko akordio bat, baldin eta horren helburua Espainiako hitzarmenetako baldintza apalagoak Nafarroatik kanpo uztea bada. Rodriguez Zapateroren gobernuaren lan erreformak, 2011n, bide ematen die estatu esparruko hitzarmenei negoziazio gai jakin batzuk haientzat gordetzeko, eta sektoreko herrialdetako hitzarmenetan ezarritakoa alboratzeko, erabat edo parte batean. "Horretaz baliatzen ari dira UGT, CCOO eta patronala hitzarmenak Madrildik ezartzeko", esan dute ELAk eta LABek. Eraikuntzan, ostalaritzan, metalgintzan eta sukaldaritza kolektiboan, esaterako, Espainiako itunak dira erreferentzia Nafarroan. "Negoziazio kolektiboa estatalizatzen ari dira, eta Nafarroako langileen lan baldintzak nabarmen okertzen".
Sindikatu abertzaleek proposamen jakin bat helarazi zieten, iaz, UGT, CCOO eta CEN patronalari, Nafarroako sektore hitzarmenak lehenesteko. "Ez dago beste helbururik langile nafarrei lan baldintzak erabakitzen uztea baino, Madrilgo esku-sartzerik gabe", diote ELAk eta LABek. 2017ko urtarrilean, ELAk, LABek, UGTk, CCOOek eta Confebaskek izaera bereko akordio bat sinatu zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako. Beste kontu bat da esparru egitura hori apenas baliatu dela herrialdeko itunak ez direlako kasik egin; alegia, negoziazio kolektiboaren blokeoak bere horretan jarraitzen du.
Edonola ere, UGTk, CCOOk eta CENek ezetza eman diote Nafarroako ELAk eta LABek egindako proposamenari. Abertzaleek salatu dute langile nafarrei "lan baldintzak erabakitzeko eskubidea ukatu" dietela, eta negoziazio kolektiboa estatalizatzeko bidea urratu dutela. ELAk eta LABek langileen baldintzak "Nafarroan erabakitzeko eskubidea" bermatzen duen negoziazio kolektiboaren defentsan jarraituko dutela ohartarazi dute.