UGTk dio 100.000 langile daudela EAEn Espainiako hitzarmenen menpe

Sektore pribatuko lan itunetan behin-behinekotasuna gutxitzeko urratsak eskatu ditu Casadok

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2010eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazioetako langileek ez bezala, EAEko sektore pribatuko milaka beharginek berritu gabeko lan hitzarmenak dituzte. UGT-Euskadik atzo jakinarazi zuenez, dagoeneko 600.000 baino gehiago dira egoera horretan daudenak. Hitzarmen kolektiboa langileen «oinarrizko arma» dela gogorarazi zuen sindikatuko buru Damaso Casadok eta, horrez gain, sektore publikoan lortutako hobekuntzak pribatuan islatzeko eskatuko dutela iragarri zuen.

UGT-Euskadiko dozenaka ordezkari bildu ziren atzo Bilbon hitzarmen kolektiboei begirako estrategia prestatzeko eta, horren harira, negoziatzeko garaian dituzten arazoen berri eman uen sindikatuko idazkari nagusiak. EAEko 100.000 langile baino gehiago Espainiako hitzarmenen menpe daudela deitoratu zuen: «Urtero milaka gehiago dira, eta soldata baxuagoak izaten dira horren ondorioa nagusia».

Casadok, bestalde, Confebask patronalaren jarrera salatu zuen, hitzarmen kolektiboak bere eskumenetatik kanpo daudela erantzuten dutelako oinarri batzuk adostu nahi dituztenean. Cebek, SEA eta Adegi elkarteen esku uzten dute negoziazioa, dagokion lurraldearen arabera.

Gehiengo sindikalaren bermerik gabeko hitzarmenei buruz, metalarena kasu, hemendik aurrera ere sinatuko dituztela berretsi zuen, «langileen baldintzak hobetzeko baliagarria den guztietan». ELAren helburua, aldiz, «negoziazio kolektiboa deuseztea» da, Casadoren ustez. EAEko enpresetan berritu gabeko lan hitzarmenak 637 dira eta sektoreko itunak, berriz, 121.

Soldata igoerak

Sindikatuak parte hartuko duennegoziazioetan behin-behinekotasuna gutxitzeko neurriak eskatuko dituela azaldu zuen UGTko buruak. Toni Ferrer ekintza sindikaleko arduradunak iragarri zuenez, bestelako aldarrikapenak ere badituzte:%1 eta %2 bitarteko soldata igoera; lanaldiak murrizteko aukera, enpleguak gutxitzearen ordez; eta enpresen etekinak berrikuntzan eta trebakuntzan inbertitzea izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.