UGTk salatu du Jaurlaritzak «paso» egiten duela langileen arazoez

Enpleguari eustea izango da sindikatuaren helburu nagusia 2009ko negoziazio kolektiboan

Erredakzioa
2008ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritza, krisi garaian ere, enpresaburuekin eskuz esku dabilela eta langileen arazoez «guztiz paso» egiten duela salatu zuen atzo Damaso Casadok, UGT-Euskadiko idazkari nagusiak.

UGT-Euskadiren VII. Batzar Nazionalean erabakitakoari buruz berri eman zuenean, Casadok hitz gogorrak izan zituen enpresaburuentzat ere, krisia eta aldi baterako kontratuen ugaritasuna «baliatzen» ari direlako orain lan kostuak gutxitzeko. Casadok iragarri zuenez, 2008an 100.000 lagun izango dira langabezian Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, enpresak langile «ahulenak» kalean uzten ari direlako. Hau da, enpresa txikietako langileak, azpikontratatuak eta aldi baterako kontratua dutenak. Sindikatuei beraiei ere egotzi zien langabezia handitu izanaren arduraren zati bat: «Enpleguaren egonkortasunaren alde borrokatzeko bat egin izan bagenu, jende gutxiago izango zen langabezian».

Casadok ohartu zuenez, UGTk ez du printzipioz enplegu erregulazio espedienterik onartuko, baina prest dago enpresekin negoziatzeko egoera txarrean dauden lantokietan.

Greba orokorrik ez

Cayo Lara Izquierda Unidako koordinatzaile berriak proposatutako greba orokorra «sasoiotan» ez duela beharrezkoa ikusten esan zuen Casadok, «administrazio gehienak urratsak egiten ari direlako krisia geratu ahal izateko».

2009ko negoziazio kolektiboari begira, UGTren lehentasuna enpleguari eustea da. Baina beste helburu batzuk ere aipatu zituen Pillar Collantes Ekintza Sindikaleko arduradunak: lanaldia murriztea asteko 35 ordura iriste aldera, soldaten erosteko ahalmenari eustea, mila eurotik beherako soldatak arbuiatzea, behin betiko kontratuak bultzatzea eta azpikontratutako langileen lan baldintzak besteekin parekatzea.

UGTren datuen arabera, 2009an 337.776 langileren lan baldintzak negoziatu behar dituzte sindikatuek eta enpresaburuek, hau da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beharginen %60renak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.