Enpresak

UIL Holdings erosiko du Iberdrolak, eta New Yorken kotizatzen hasiko da

Gamesak bikoiztu egin ditu mozkinak 2014. urtean, 92 milioi euroren irabaziei esker.

xabier martin
2015eko otsailaren 26a
12:44
Entzun

Iberdrolak AEBetako merkatuan indarrez sartzeko urrats garrantzitsua egin du. UIL Holdings estatubatuarrarekin akordioa egin du konpainia hori bere egiteko, 2.647,8 milioi euroren truke. Iberdrola USA bere adarrarekin bat egiteko prozesua abiatu da jada; hura amaitzean euskal konpainia New Yorkeko burtsan kotizatzen hasiko da.

Bi konpainien bat egite horrek AEBetako argindar alorreko enpresarik handiena sortuko du, eta bigarrena sektore eolikoan. Iberdrolak sortzen den konpainia berriaren akzioak emango dizkie UILko akziodunei, akzio guztien %18,5 hain zuzen, eta diruarekin lagunduko du bat egitearen atea zabal dadin, 526 milioi euro hain zuzen.

Operazio horren ondorioz, Iberdrola USA %81,5ean izango da Iberdrolaren jabetza; beste %18,5 UILren akziodun ohien esku geratuko da. Sortzen den konpainiaren neurria ematen dute 2014an hark izan duen ebitdak eta irabazi garbiak: 1.761,1 milioi euro eta 502 milioi euro hurrenez hurren. "Iberdrola USA eta UILk bat egitea gure estrategiarekin bat dator", esan du ohar batean Ignacio Galan Iberdrolako presidenteak; "enpresa garrantzitsua sortuko dugu AEBetan, oinarrizko merkatuan urrats handia eginez".

Gamesaren emaitzak

Energia sektoreko beste euskal konpainia handi batek, Gamesak, emaitzak jakinarazi ditu, eta deigarria da 2013ko irabaziak bikoiztu egin dituela 2014an. 92 milioi euroren mozkinak izan ditu Ignacio Martinen konpainiak, batez ere salmenta bolumena nabarmen handitu delako azken urtean, gorabidean dauden herrialdeetan gehienbat.

Gamesak 2.846 milioi euroko fakturazioa izan zuen 2014an, aurreko urtean baino %22 gehiago. Haize errota gehiago ekoitzi ditu, %22 hain zuzen, eta mantentze lanetan ere jarduera igo du, %19. "Jarduera bolumen honek eta gastuei eusteko egiturak errentagarritasuna handitzea ekarri digu", azaldu du konpainiak ohar batean.

Enpresa asko ari dira emaitzak jakinarazten egunotan CNMV merkatu arautzaileari; gaur, adibidez, Tubacexek eman ditu bereak. Arabako konpainiak 23,8 milioi euroren mozkinak izan ditu 2014an, iaz baino %58,2 gehiago. Zorra %22 arindu du, gainera. Ebitda emaitza (interesak, zergak, amortizazioak eta depreziozioen ondoko irabazia) 64,1 milioikoa da, %25 igo ondoren. Premiun produktuen salmentari esker lortu du igoera enpresak, ohar batean esan duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.