EAEko lehendakari Iñigo Urkulluk bilera egin du patronalarekin. Goizeko bederatzietan zuten hitzordua Lehendakaritzan lehendakariak berak, Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteak eta Cebek, Adegi eta SEAko buruzagiek. Mahai gainean egon da lan itunen ultraaktibitatearen amaieraren auzia. Bi ordu eta erdi iraun du bilerak, eta bileran egondakoetako inork ez du adierazpenik egin gero.
Efe berri agentziaren arabera, lan itunen eragin epea luzatzea proposatu du Urkulluk, eta epe hori sindikatuek eta patronalaren adostea. Alde biko akordio hori erdietsiko balitz, lau urtez irautearen alde jo ei du EAEko lehendakaria, lan itunen eragina mugarik gabe luzatzearen alde agertu bada ere.
Astelehen honetan bertan behera geratuko dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 300.000tik gora langileren lan baldintzak arautzen dituzten hitzarmenak. Itun horiek berritzeko negoziazioek ez dute ondoriorik izan azken asteotan, patronalak eskatu baitie enpresei uztailaren 8ra arte itxaroteko. Oraingo itunen loturarik gabe, egun horretatik aurrera lan baldintzak ezartzeko botere handiagoa izango dute enpresaburuek. Sindikatuek, berriz, kosta ahala kosta ari dira ahalegintzen lan itunen bidez lan erreformari traba egiten, batez ere ultraaktibitatea (itunen luzapen automatikoa) luzatuz edo enpresek hitzarmenak ez betetzeko aukerak murriztuz. Bi puntu horiek eztabaidaezinak dira patronalarentzat, lan baldintzak bere neurrira moldatzeko aukera ematen baitiote.
Eusko Jaurlaritza kezkatuta azaldu da lan hitzarmen gehienen amaierarekin, ekonomiari kalte egin diezaiolakoan. Soldaten jaitsiera orokor batek (soldatak lanbidearteko gutxienekora jaisteko aukera egon badago) mesede egin diezaieke esportazioan aritzen diren enpresei, baina sekulako kolpea emango lioke barne kontsumoari.