Baieztatu egin dute: Unai Sordo Euskadiko CCOOko Bizkaiko arduradunak bere burua aurkeztuko du Josu Onaindiren ordezko izateko hautagai gisa. Egungo Euskadiko idazkari nagusiak, Onaindik berak, berretsi zuen Sordoren hautagaitza, atzo, Euskalduna Jauregi parean egindako kontzentrazio baten.
Urtarrilaren 8an eta 9an aukeratuko dute Euskadiko CCOOrenidazkari nagusia, Bilbon egingo duten kongresuan. Onaindik esana zuen ez zuela bere burua ostera ere aurkeztuko. Hala, oraingoz, CCOOren Bizkaiko arduradun nagusia den Sordo da hautagai bakarra, beste inork ez baitu aurkezteko asmorik erakutsi.
Euskadikoa hautatu aurretik,ordea, Espainiakoa aukeratuko dute CCOOko delegatuek, hil honen 17tik20ra bitartean, Madrilen. Ignacio Fernandez Toxoren alde agertuko dira Bizkaiko delegatuak, Onaindik jakinarazi duenaren arabera. Jose Maria Fidalgoren hautagaitzarekin lehiatu beharko du hark.
Krisiaren aurrean lanaren alde
Hain zuzen, Bilbon izan zen atzo Fernandez Toxo, sindikatuak deitutako elkarretaratzean, eta eskertu egin zuen Euskadiko CCOOren babesa. Espero zuela «gehiengo zabalak» egitea bere alde gaineratu zuen. Sindikatuaren organigraman aldaketak egingo dituela ere esan zuen. Batzorde konfederal bat osatu nahi du esan zuen, sektore federazioek, nazioetakoek eta zuzendaritzakoak osatua. Izan ere, «Espainia sakonki deszentralizatu» dela uste du.
Atzoko kontzentrazioa, «enplegu erregulazio espedienteen aurka, lanpostuen alde, soldata duinen alde eta kalitatezko lanaren alde» egin zuten. Krisia langileek ordain dezaten ez dutela inolaz ere utziko adierazi zuen, eta gaineratu, Euskalduna ontziola bat izatetik kongresu jauregi izatera pasatu zela 1980ko urteetako industria krisialdian. «Orain ez dago halakorik, eta, beraz, ez dugu onartuko espediente erregulatzailerik patronalak langileak doitzeko». Sindikatuko 500 lagun inguru batu ziren Euskaldunan, «kongresu aurreko» asanblada egiten ari zirela aprobetxatuta.
Unai Sordo da Euskadiko CCOOko idazkari nagusi izateko hautagaia
Sindikatuaren Espainiako ardura hartzeko, Fernandez Toxoren hautagaitza babestuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu