Iragan osteguneko bilera erabakigarriaren ostean, kontsulta epeari ekin zioten atzo Unipapelen Adunako fabrikan (Gipuzkoa). Orain artekoari eutsi zioten enpresako jabeek, eta amildegira gerturatzen ari dira apurka-apurka. Hasiera batean aringarri zirudiena okertzen ari zaie langileei egunak igaro ahala. Ixteko zorian dago lantegia: Unipapelek hartzekodunen lehiaketa aurrekora jo duela jakinarazi die Springwater inbertsio funtsak beharginei. Orotara, 109 lagun botako dituzte Unipapelek Iberiar Penintsulan dituen hiru lantegietan. Hurrengo bilera ekainaren 1ean egingo dute, Logroñon; eta hirugarrena, Madrilen.
Unipapelek Adunako lantegiko hamazazpi behargin kaleratuko ditu, eta aldi baterako erregulazio dosierra aplikatuko die beste guztiei uztailaren 1etik urrira. Langileek, ordea, enpresa ixteko lehen pausotzat jo dute, eta denbora irabazi nahian ari dela diote, erosle edo inbertsiogile bat topatzeko itxaropenean. Konkurtso aurrekora jo izanak tesi hori indartu du. Zuzendaritzak, halaber, hiru lantegietako jarduera sei hilabetez eteteko asmoa agertu du. Enpresak argudiatu du ezin ditzakeela atzerapenak pagatu, eta zailtasunak dituela zorra kitatzeko.
Dirurik ez kalte-ordainetarako
Adunako lantegiko LABeko ordezkari Pello de la Cruzek salatu du konpainiak ez duela inolako bideragarritasun planik aurkeztu, ezta legeak ezartzen dituen gutxieneko kalte-ordainak emateko borondaterik agertu ere. "Enpresa hiltzen uzten ari da", esan du. Materiala erosteko dirurik ez du Unipapelek, eta hornitzaileek lantegia hornitzeari utzi diote, ez dizkietelako zorrak ordaindu.
Adunako lantokiak Carrefour zuen bezero nagusi, baina galdu egin dute, azken boladako ziurgabetasunak bultzatuta. Langileek, gainera, ia hiru hilabete daramate sosik kobratu gabe, eta duela gutxira arte Gizarte Segurantzan izena emanda baina kotizatu barik ibili dira lanean. Gutxienez, maiatzeko nomina ordaintzeko eskatu du langileen batzordeak: "Kritikoa da familia askoren egoera".