Ia bi aste daramatza 60 dolarren gainetik eta, urte hasieratik hona, %48 garestitu da. AEBetako findegiek nekez egin ahal diote aurre erregai eskariari. Gainera, lau milioi upeletan jaitsi dira petrolio gordekinak, herrialdeko Energia Zuzendaritzak ohartarazi duenez. Baina etxe barruko arazoez haratagoko ziurgabetasun egoerak igoarazi ditu prezioak gehien: bai Texas bai Brent upelenak. Inoizko garestiena da irailean eman beharreko petrolioa.Hein handi batean, Saudi Arabiako Fahd erregea hil ondorengo gorabeherengatik. Orain astebete zendu zen, agintea Abdula anaiaren eskuetan zela, baina mendebaldar herrialdeak ez dira Saudi Arabiako errege berriaren asmoez fio. Fahd Europako eta AEBetako buruzagien oso laguna zen eta litekeena da Abdulak ere lehentasunezko hartu-emanei eustea. Atzo, nolanahi ere, Riad, Jedda eta Dhahranen dauzkan egoitza ofizialak itxi zituen AEBetako Gobernuak, segurtasun arazoengatik. «Mehatxuak» jaso omen dituzte AEBetako beharginek eta bi egunez itxi dituzte enbaxada eta negozio bulegoak.
LPEEren ahalegin antzuak
Munduko petrolio ekoizle handiena da Saudi Arabia eta «eraso terroristen» beldurrak, jakina, merkatuak astindu ditu. Prezioak apaldu guran, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak (LPEE) 300.000 upeletan igo du eguneko petrolio ekoizpena. Ezinean dabil, ordea. Irango Gobernu berriak energia nuklearraren aldeko pausoa eman izana eta Irakeko sarraskia traba dira petrolioa merkatzeko.
Atzera programa nuklearrei helduko die Iranek. Ez ikusiarena egin die AEBen eta Europako Batasunaren eskaerei, eta adituek uste dute gatazkak gora bultzatuko duela petrolioaren prezioa. Izan ere, munduko bigarren ekoizle handiena da Iran eta hornidura geldotu dezakete tirabira geopolitikoek.Baita Irakekoek ere. Borrokek ez dute etenik eta AEBen inbasioaz geroztik, kolokan dago petrolio ekoizpena. Herrialde horretan eta, orobat, Ekialde Hurbilean. Saudi Arabiak iragarri baitu LPEE ez dela petrolio eskariari erantzuteko gai izango 2020an. Egunean 83 milioi upel kontsumitzen dira munduan, eta eskariak segitzen du; AEBetan eta Txinan batez ere, urakanengatik eta pizkunde ekonomikoagatik, hurrenez hurren.Ahoz aho dabil petrolio upela, laster, 75 dolarretara irits daitekeen ustea. Ia astero marka berri bat hausten du eta sano garestitu den arren, kontsumoa ez da jaitsi. LPEEk, gainera, ez omen dauka ekoizpena handitzen segitzeko modurik.
ERREGAIAK
Urte hasieratik %23 garestitu da gasolina
Batez beste 21 zentimo garestitu da super gasolinaren prezioa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurten, Espainiako Industria Ministerioaren arabera. Berunik gabeko 95 gasolina ere 18 zentimo igo da urte hasieratik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gasolindegietan eta Nafarroan 20 zentimo. Gasolioaren salneurria ere batez beste17 zentimo garestitu da.. Atzo erregaien gehienekobatez besteko prezioak ondorengoak ziren: berunik gabeko 95 gasolina Araban eta Bizkaian 1,018 euroan saldu zen garestien, Gipuzkoan 1,030an eta 1,035an Nafarroan. Superraren gehieneko prezioa 1,123 euroan zegoen Araban, 1,112an Bizkaian, 1,126an Gipuzkoan eta 1,122an Nafarroan. Gasolio litroak, berriz, Araban 0,935 euro balio zituen, Bizkaian 0,931, Gipuzkoan 0,940 eta Nafarroan 0,939.
Gainera, adituek ez dute baztertzen erregaien garestitzea urte amaieran%30era iristea.