UPN agintean zela egindako inbertsio publikoak ikertzeko eskatu du lauko gobernuak

2005 eta 2014 bitartean Sodena enpresa publikoak Iberdrolaren akzioen salerosketan parte hartu zuen, 19,6 milioi euroren galerarekin.

Uxue Barkos, abuztu amaieran, Geroa Bai-ren ekitaldi batean. IñIGO URIZ, FOKU
arantxa elizegi egilegor
2018ko irailaren 13a
17:30
Entzun

Alderdi Popularrak eskatutako ikerketa batek bultzatu du laukoaren erabakia. Nafarroako PPk azalpenak eskatu zituen Sodena enpresa publikoak Davalor Saludi emandako diru laguntzen inguruan. Manu Aierdi presidenteordeak emandako erantzunarekin ados ez, eta laguntza horiek emateko betetako prozedura ikertzeko eskatu du orain.

Uxue Barkos presidenteak erantzun dio PPren azalpen eskaerari gogoraraziz bai Aierdik eta bai Kontuen Ganberak ere "nahikoa azalpen" eman dituztela lehendik ere Davalor Saluden egindako inbertsioen inguruan. "Parlamentuak auzia ikertu nahi badu [Davalorri dagokiona], uste dut gainontzeko alderdiak ados egongo direla kezka eragin dezaketen beste auziak ere ikertu beharko liratekeela", adierazi du Barkosek.

Laukoak salatu du orain, Davalorri emandako laguntzen kasuan ez bezala, UPNren agintaldian diru publikoarekin egindako zenbait inbertsio "ezohikoak" izan zirela, eta Geroa Bai-k, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak ikerketa batzorde bat osatzeko eskaria aurkeztu dute Parlamentuan. Haren helburua litzateke aurreko agintaldietan diru publikoarekin egindako inbertsioak ikertzea.

Bi kasu aipatzen ditu eskaerak. Lehena, Sodenak 2005 eta 2014 artean Iberdrolaren akzioak erosteko egindako inbertsioa, zeinaren ondorioz 19,6 milioi euro galdu ziren. Auzi horren inguruan Kontu Ganberak adierazi du inbertsioa "ezohikoa izan zela enpresa publikoaren inbertsio politikari dagokionez". Bigarrenik, 2002 eta 2013 bitartean egindako inbertsioak leudeke. Kontuen Ganberak horien inguruko txostena kaleratu zuen 2014ko urrian, baina erabilitako prozedurak argitzeko eskatu du orain laukoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.