ekoNOMIA

Uriartek Innobasqueko zuzendari izateari utziko dio, Jaurlaritzako aldaketak eraginda

Berrikuntzaren Euskal Agentziko buru beste pertsona bat izatea "komeni" dela agertu dio zuzendaritzari. Azaroaren 19ra arte segituko du. Berrikuntzaren Euskal Agentzia da Innobasque.

2009ko irailaren 10a
15:42
Entzun
Pedro Luis Uriartek jakinarazi du Innobasqueko zuzendari postua utzi egingo duela, arrazoi pertsonalez gain "pisuzkoak" ere badituelako, haren esanetan. Ekonomian ez ezik, Eusko Jaurlaritzan egondako aldaketak (PSE-EE jarri da boterean EAJren partez), eragina izan duela aitortu du, eta Innobasquen beste pertsona bat jartzea "komeni" dela agertu dio erakundeko zuzendaritzari. Azaroaren 19ra arte jarraituko du Uriartek.

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzia elkarte pribatua da, baina eratze garaian Jaurlaritzak eragin handia izan zuen. 2007ko uztailean sortu zen (aurkeztu, baina, iazko urtarrilean), eginkizun honekin: “Teknologikoa den eta ez den berrikuntzaren garapena erraztu eta bultzatzea Euskadin, espiritu ekintzailea eta sormena sustatuz; baita ere, euskal erakundeen eta ekonomiaren lehiakortasuna gehitzea lehen, bigarren eta hirugarren sektoreetan, eta horrekin guztiarekin euskal gizarte osoaren egungo eta etorkizuneko bizi-kalitatea hobetzea”.

Ekonomia eta gizarte mailako "bigarren eraldaketa handia" egin behar dela dio, eta “horren ardatz nagusia Innobasque izango da. 2030 ingururako Euskadi berrikuntzan Europan erreferente izatea da helburua".

1.053 bazkide ditu erakundeak. "Innobasquek mobilizazio, zabalkunde, sentsibilizazio eta antolaketako helburu denak gainditu ditu", dio Uriartek, eta azken urteotan erakunde desberdinekin 106 akordio lortu dituztela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.