Ikerketak zer esango itxaron behar dela dio Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, baina adierazi du, "itxuraz", segurtasun neurri guztiak hartuta ari zela lanean asteartean teilatuko kristala hautsita lurrera erori zen langilea, eta "guztia berrikusita" zegoela. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Leioako campuseko liburutegiko teilatua iragazgaizteko lanetan ari zela erori zen langilea, 25 metroko altuera batetik. Kristalezkoa da liburutegiko patioaren gaineko teilatua, eta hautsi egin zen kristala langilea haren gainean zegoela.
Uriarteren kontrara, EHUk aitortu duenez, langilea ez zegoen segurtasun sistema batera lotuta, teilatuan egon arren. Hildakoa T.C.L. da, 52 urtekoa eta Lau-Ondo enpresako langilea. EHUk azaldu du Gaimaz Infraestructuras y Servicios kontratatu zuela konponketak egiteko. EHUk harridura azaldu du istripuarengatik, joan den astean segurtasun neurri guztiak egiaztatu zituztelako, eta arrazoiak argitzen saiatuko dela agindu du.
LAB, EILAS eta ELA sindikatuek, berriz, eguerditik aurrera ordu bateko lanuztera deitu dute Leioako campusean, eta hango Mikel Laboa plazan bildu dira ordu erdiz, Lan istripu gehiagorik ez! Prekaritatea hiltzailea lelopean. Unibertsitateko arduradunei horrelako istripuak berriro gerta ez daitezen "neurri eraginkorrak" hartzeko eskatu diete.
Barakaldon (Bizkaia), zendutakoaren herrian, elkarretaratzera deitu dute ordezkari sozial eta sindikalek: Bide Onera plazan egin dute, 19:30ean. Leioako Bulebarrean beste elkarretaratze bat egin dute, LAB, ELA, STEE-EILAS, langabetuen asanbladak eta Bilgune Feministak deituta, 20:00etan.
Juan Mari Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburuak adierazi duenez, Lan Ikuskaritza eta Osalan elkarrekin ari direla lanean istripuaren ardura norena den aztertzeko, "halakorik balego". Aburtok elkartasuna adierazi dio hildako langilearen familiari, eta adierazi du heriotza emaitza gisa duten lan istripuak "drama humanoa" eta "porrot kolektiboa" ere badela. Esan du ez duela "behar ez den alarmarik" piztu nahi aktibitate publikoaren segurtasunaren inguruan, protokoloak "gero eta estandarizatuago" baitaude haren aburuz.
Lan istripuak 2014an
Urtea hasi denetik hamalau pertsona hil dira lanean ari zirela, ELAren arabera. Herenegun arte, LABek hamasei zenbatu zituen, horien artean herenegun arratsaldean Iraizotzen hildako Roberto Apeztegia 66 urtekoa (Ultzama, Nafarroa). Lehen informazioen arabera, basomutila zen, baina ondoren jakin zen Ultzamako bizilagunei urtero dagokien egurra biltzen ari zen herritar bat zela. Enborrak garraiatzeko traktoreari aurreko gurpila erori zitzaion, eta ibilgailua iraulita hil zen. Aurten gutxienez beste bi langile hil dira basoko lanetan, biak Gipuzkoan: martxoan Leitzaranen, eta otsailean Gorlan.