Gipuzkoako Diputazioak kargugabetu egin zuen joan den astean Julian Unanue Mendiko eta Natura Inguruneko zuzendaria. "Sektorea ondo ezagutzen zuen Unanuek, eta kargutik kendu badute, beste zerbait nahi dutelako da", esan dute gaur goizean Gipuzkoako basogintzako ordezkariek. Kezka agertu dute, uste baitute diputazioak "inolaz ere egokiak ez diren planteamentuak" inposatu nahi dizkiela ekoizleei.
EHNE eta ENBA sindikatuetako, GEBE Gipuzkoako baso elkarteko, AREFOR baso ustiaketen enpresen elkarteko, SECOMA Gipuzkoako zerrategien elkarteko eta Egurlandua Euskadiko egurraren bigarren eraldatzaileen elkarteko ordezkariek hartu dute parte agerraldian.
Adierazi dute sektorea bideragarri izateko hiru oinarriren arteko oreka mantendu behar dela: ekologia, ekonomia eta gizarte arloa. "Horietakoren baten besteen gainetik badago nabarmen, sektoreak ezin du iraunkorra izan". Adierazi dute planteamentu "oso biozentristak" ikusten dituztela diputazioaren aldetik, eta adierazi dute ekologistek, natur taldeek eta antzekoen kritikek eragin dutela Unanueren kargugabetzea.
Basogintzako ordezkariak kexu dira Diputazioaren jarrerarekin. "Baso politika soilik zenbait kolektiboren ideietan oinarritutakoa da, eta baso ekoizleon ahotsari entzungor egiten zaio". Salatu dute Aldundiak emandako "urrats apurrak" sektorearentzat "erasokorrak" izan direla. Izan ere, murriztu edo ezabatu egin dira lehen ematen ziren laguntzeko batzuk.
Hala, Jon Peli Uriguen Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo diputatuaren dimisoa eskatu dute. "Ez dakigu barne erabakiz, presioei men eginez edo ezin eraman pertsonalen ondorioz datorren Unanueren kargugabetzea, baina argi dugu Uriguen ez dela ari bere arduren neurriak. Presio hori kudeatzeko gauza ez bada, bere kargua uzteko eskatzen diogu".