ekonomia

Urkullu: "Enpleguari eutsiz etorriko da pizkunde ekonomikoa"

"Hurrengo bi urteak zailak" izango direla eta, "ahalegina, lan kolektiboa eta konpromiso soziala" eskatu ditu Jaurlaritzako lehendakari berriak. EAEn 171.000 langabe zeuden azaroaren bukaeran.

2012ko abenduaren 27a
20:54
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari berriak "datozen bi urteetan gaurko enpleguari" eustera dei egin du, ondoren garai hobeak izango direlakoan. "Hurrengo bi urteak zailak izango dira, baina enpleguari eutsiz etorriko da pizkunde ekonomikoa", esan du Etxebarrin, elbarri fisikoen Lantegi Batuak-era bisita bat egin duenean.

"Ahalegina, lan kolektiboa eta konpromiso soziala" dira, Urkulluren arabera, izan eta landu beharreko balioak, eta eredu gisa jarri du Lantegi Batuak. Ondorioz, enpleguari eusteko "ahalegin partekatua" eskatu du lehendakariak.

Juan Maria Aburto Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua harekin batera izan da Etxebarrin.

171.069 langabe EAEn

Espainiako Lan Ministerioak abenduaren hasieran jakinarazi zuenez, azaroaren bukaeran Hego Euskal Herrian 222.918 langabe zeuden; urrian baino 3.847 gehiago eta iazko azaroan baino 32.105 gehiago. 222.918 langabe horietatik EAEkoak 171.069 dira —Arabakoak 26.911, Bizkaikoak 95.985, eta Gipuzkoakoak 48.173—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.