Iñigo Urkullu lehendakariak ukatu egin du Eusko Jaurlaritza Kutxabanken akziodun izango dela. "Ezin du edo ez luke izan behar", adierazi du Forum Deuston egindako hitzaldian. Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak orain bi aste esan zuen "ezinbestekoa" dela kapital pribatuari ateak irekitzea, "legea bete behar delako".
Urkulluk nabarmendu du erabateko konfiantza duela Fernandezengan. "Kutxabanken erroak eta gizarte ekintza defendatzen ditu, eta konbentzituta nago bermatuko dituela". Gaineratu du ez duela "inolako zalantzarik", hau da, Fernandez, kapital pribatuari ateak irekitzeaz hitz egiten duenean, "erabateko zintzotasunez, gardentasunez eta ondradutasunez" mintzatzen dela.