EKONOMIA

Urkullu: "Ontziak eraikitzeko ezinbestekoa den alde bat zigortzen du neurriak"

Europako Batzordeko Komisarioen Elkargoak erabaki du 2007tik 2011ra bitartean 'tax lease' sistemaren bidez ontziolei emandako laguntzak itzuli beharko dituztela inbertitzaileek. Sistema legez kanpokotzat jo du Bruselak, iritzita ontziolek "abantaila selektiboak" jaso zituztela lehiakideekiko.

Xabier Martin - Jon Olano
2013ko uztailaren 17a
14:25
Entzun

Ontziolek jasotako laguntzen inguruan Bruselak hartutako erabakiaz hitz egin du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak 13:00ean, Gasteizen. Urkulluk aitortu du Europako Batzordea bere jarrera malgutuz joan dela azken asteetan, baina ohartarazi du gaur hartutako erabakiak ez diola laguntzen sektoreari.

Urkulluk salatu du "ontziak eraikitzeko ezinbestekoa den alde bat zigortu" egiten duela neurriak, eta sektorean konfiantzarik ez eragitea egotzi dio Joaquin Almunia Europako Lehiakortasun komisarioari. "Etorkizuna ez da eraikitzen hitz ederrekin, ekintzekin baizik, eta gaurko erabakiak ez du konfiantzarik ematen", adierazi du.

Konfiantza hori sustatzeko, aurtengo urtarriletik indarrean dagoen tax lease sistema legezkoa dela esan du Urkulluk, eta gaineratu du orain Madrili eta Bruselari dagokiela ontziolen sektorean konfiantza sortzea eta haren etorkizuna bermatzea.

Dirua itzularazteko agindu du Bruselak

2007tik 2011ra bitartean tax lease sistemaren bidez ontziolei emandako laguntzak itzultzeko agindu dio Europako Batzordeak Espainiari. Isuna inbertitzaileek ordaintzea ebatzi dute, ez ontziolek.

Gaur bildu da Europako Batzordeko Komisarioen Elkargoa, eta eguneko gaien artean zen ontziolei emandako laguntzak itzularazteari buruzko erabakia. Eguerdirako espero zen erabakia, baina Europa Press agentziak jakinarazi duenez, isunei eustea onartu du Bruselak. Iturri berak dio Antonio Tajani Industria komisarioa ez zegoela ados azken erabki horrekin, bain azkenean amore eman duela.

Joaquin Almunia Europako Batzordeko Lehiakortasun komisarioak proposatu zuen 2005etik 2011rako diru laguntzak itzularaztea. Besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin eta Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroarekin batzartu zen Almunia joan den astean. Bere jarrerari eutsi zion Almuniak bileran, eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearekin hitz egin zuen, batzordearen jarrera aldarazteko.

Atzo, gaurko bilkuraren atarian, Efe berri agentziak zabaldu zuen 2007tik aurrerakoak ordaintzea eskaini diela Europako Komisarioen Elkargoko zuzendariek Eusko Jaurlaritzari. Hala erabaki dute gaur. Almuniak agerraldi bat egin du ondoren, eta nabarmendu du ezin duela itzuli beharreko diruaren zenbatekorik eman. Erantsi du hori Espainiako Gobernuari dagokiola. Halaber, azaldu du Europako Batzordea 2011raino atzeratu zela tax lease sistema ikertzen, Espainiak ez baitzion jakinarazi sistema hori ezarri zuenik.

Erabakiaren kontra Europako Auzitegi Gorenean helegitea jar daitekeela aipatu du Almuniak, eta, helegite hori onartuz gero, auzitegi horri dagokiola ebaztea laguntzen itzulpena bertan behera utzi behar den.

1.000 milioi inguru Gipuzkoan eta Bizkaian

Soriak iragan astean adierazi zuen 2.000 milioi euro baino gehiago itzuli beharko dituztela. Espainiako Gobernuak zerrenda bat osatu beharko du orain laguntzak jasotakoen izenekin, eta itzuli beharko den zenbatekoa zehaztu beharko du; hala dio Bruselak. Ontzioletako langileek salatu dute laguntza horiek itzultzeak "hiltzorian" utz dezakeela sektorea. Jaurlaritzak kalkulatu du horietatik 1.000 milioi direla Gipuzkoako eta Bizkaiko ontzioletako kontratuen bidez emandakoak, baina 2005az geroztik emandako laguntzak itzuli behar izatekotan eginiko kalkulua da hori. Beraz, litekeena da hortik beherako kopurua izatea.

Batzordeak hartutako erabakiaren arabera, inbertitzaileek dirua itzuli behar izateak "ezin du eraginik izan" beste batzuengan; ontziolengan, kasu. Hala ere, milaka lanpostu daude arriskuan hala patronalak nola sindikatuen arabera. Euskal Herriko Itsas Foroaren arabera, 6.430 lanpostu zuzen daude euskal ontzioletan, eta 14.000tik gora zeharkakoak kontuan hartzen badira.

Bruselak uste du Espainiak 2002an abiatutako tax lease laguntza sistemak Europako Batasunak laguntza publikoen inguruan dituen arauak urratzen dituela eta "abantaila selektiboa" eman ziela ontziolei lehiakideekiko. "Segurtasun juridikoaren printzipioa" jarraituta, 2002tik 2007rako diru laguntzak ez itzularaztea erabaki du batzordeak. Bruselak 2007an ebatzi zuen Frantziak ezarritako antzeko sistema bat legez kanpokoa zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.