Etengabeko prestakuntza

Urkulluk dio Jaurlaritzak ez duela Hobetuz likidatzeko inolako asmorik

Etengabeko prestakuntza profesionalaren erakundeak egiteko dauzkan ikastaro guztien deialdia egingo duela esan du EAEko lehendakariak.

Langileak, auto bat muntatzen. RAUL BOGAJO, ARGAZKI PRESS
xabier martin
2015eko martxoaren 27a
22:04
Entzun

Asteartean jakin zen langileen etengabeko prestakuntza sistemaren erreformarengatik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan formazioa sustatzeko aurtengo deialdia bertan behera uztea erabaki duela Eusko Jaurlaritzak. Espainiako Gobernuak joan den ostiralean onartutako moldaketaren edukia aztertzen ari da Lan Saila, administrazio publiko ororentzako bete beharrekoa delako.

Gaur, ordea, Hobetuz-ek egiteko dauzkan ikastaro guztien deialdia egingo duela jakinarazi du Iñigo Urkullu Jaularitzako lehendakariak, PSEk legebiltzarrean egindako galdera bati erantzunez. Hobetuz fundazioa "likidatzeko" ez duela inolako asmorik azaldu du Urkulluk. Gobernuak Hobetuz-ekin duen "konpromisoa" aipatu du, eta gaineratu bere borondatea ez dela "ezer likidatzea, konpontzea eta aurrera jarraitzea baizik".

Hobetuz-en geroa kolokan jarri duen sententziari ere erreparatu dio Urkulluk. Espainiako enplegu zerbitzuari 25 milioi bueltatzera zigortu berri dute auzitegiek Hobetuz. Hasieran, aste honetan ordaindu beharko luke ebazpeneko dirua. Zigor ekonomiko hori bertan behera uzteko, edo, behintzat atzeratzeko, helegite bat bultzatu du Jaurlaritzako Lan Sailak. "Egoera delikatua bideratzea lortu dugu". Gobernuak etengabeko prestakuntzari "eusteko eta hura hobetzeko" borondatea duela gaineratu du.

Edonola ere, Hobetuz-en etorkizuna ez dago batere argi; gaur egun organoaren diru iturri bakarra Lanbidek eman dion finantzaketa da. Hori dela eta, prestakuntza ekintza horiek enplegu zerbitzutik zuzenean egiteko aukerari ate bat zabaldu dio Anjel Toña Lan sailburuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.