Gizarteratzea

Urkulluk iragarri du DSBEa %2,25 igoko dela 2019an

Lehendakariak aurreratu du gizarte laguntza nagusiaren ordaina langile publikoen soldatak adina igo nahi dutela.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, atzo egindako osoko bilkuran, Josu Erkoreka eta Cristina Urirte sailburuekin hizketan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ivan Santamaria.
2018ko urriaren 5a
15:09
Entzun

Eusko Jaurlaritzak kontrolerako osoko bilkura du gaur Legebiltzarrean. Iñigo Urkullu lehendakariak galdera ezberdinak erantzun ditu hilabeteon aurkeztuko duen aurrekontu proiektuari buruz. Besteak beste, DSBE Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari ezarri nahi zaion igoera zehaztu du: %2,25. Gobernu Kontseiluak urriaren 23an onartuko ditu aurrekontuak, ondoren ganberan tramitazioa hasteko.

DSBEaren ordainaren eguneraketa kontu polemikoa izan da azken urteotan. 2012. urtean, PSE-EEk gobernatzen zuela, laguntzari %7ko murrizketa ezarri zitzaion. Harrezkero, Eusko Jaurlaritzak aurrekontu proiektuaren barruan finkatu du DSBEaren hazkundea.

Legez, DSBEak lotura zuzena du lanbide arteko gutxieneko soldatarekin. Hain zuzen ere, legeak dio pertsona bakar bat duen elkarbizitza unitate batek gehienez ere gutxieneko soldataren %88 kobratzeko eskubidea duela. Azken urteotan hartutako erabakien ondorioz, geroz eta gehiago urrundu dira gizarte laguntza eta gutxieneko soldata.

Uneotan, hain zuzen ere, gutxieneko soldataren %75 da. Hau da, 2000. urtean oinarrizko errenta onartu zenean zeukan ehuneko bera. Pertsona bakar batek hilero gehienez ere 644,5 euro kobra ditzake, bi badira 827,6 euro, eta hiru edo gehiago badira, 915,4 euro. Kopuru horiek apur bat handiagoak dira pentsio txikiak erretaren bidez osatzen dituzten pentsiodunentzat.

Urkulluk ziurtatu du igoera horrekin agerian geratzen dela gobernuaren konpromisoa errenta jasotzen duten familiekin, langile publikoen soldatak adina igotzea aurreikusita dagoelako. Soldataren hazkunde zuzenetik aparte, funtzionarioei eta lan legepeko beharginei %1,5eko ekarpena egingo zaie Itzarriko pentsio osagarrian. Orotara, pertsonal gastuak %4 igotzea aurreikusita dago proiektuan.

Prestatzen ari diren kontu publikoei buruz ere aritu da lehendakaria. "Errealista eta arduratsua" dela esan du, eta ez duela inolako murrizketarik hitz eman du. Heldu den urtean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %2,6 haziko dela kalkulatu du gobernuak, eta, horri esker, Urkulluk uste du gastu "neurritsua eta hedakorra" egin ahalko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.