Urriaren 23ra atzeratu dute euroguneko zorraren krisia konpontzeko goi bilera

Merkelek eta Sarkozyk eskatu dute atzerapena, horrela «irtenbide osoagoa» hitzartu ahal izango dutelako

2011ko urriaren 11
00:00
Entzun
Hila bukatzerako eurogunea krisitik aterako duen plana aurkeztuko dute Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak. «Zorraren krisiari Europak emango dion erantzun iraunkorra eta osoa izango da», Sarkozyren hitzetan. Merkelek, berriz, aurreratu du «planak Greziaren iraunkortasuna ziurtatzeko eta euroguneko banku sektorea birkapitalizatzeko neurriak» jasoko dituela. Baina bietako inork ez du xehetasunetan sartu nahi izan, xehetasun horietako asko lotzeke dituztelako oraindik. Horregatik, denbora eskatu dute, urriaren 17an eta 18an EB Europako Batasuneko eta euroguneko agintariak egitekoa ziren goi bilera astebetez atzeratzeko. Eta Europako Batzordeak baiezkoa erantzun die. Horrenbestez, EBko agintariek urriaren 23an egingo dute euroguneko krisia konpontzeko goi bilera.

Atzerapenak «estrategia osoagoa» adosteko aukera emango diela uste du Herman Van Rompuy Europako Batzordeko presidenteak. Izan ere, aitortu du azken egun eta asteetan aurrerapen handiak egin dituzten arren, gai batzuetan gehiago sakondu beharra daukatela. Aurrerapenen artean leudeke EBko koordinazio ekonomikoa indartzeko eta etorkizuneko krisiei aurrea hartzeko Europako Parlamentuak onartu dituen sei neurri sorta, besteak beste, defizit handiegia duten herrialdeentzat zigorrak. Aldiz, gogoeta sakonagoa eskatzen duten gaien artean leudeke Grezia, bankuen birkapitalizazioa eta Europako Finantza eta Egonkortasun Funtsa (EFSF, ingelesezko siglengatik) zabaltzeko eta malgutzeko ideia. Hiru gaiak erabat lotuta egonik, era koordinatuan konpontzeko bidea jasoko luke Merkelek eta Sarkozyk asteburuan iragarritako planak.

Alemaniako prentsak dioenez, Greziaren hartzekodunekin hitz egiteko intentzioa du Berlinek. Uztailean, Atenasi zorraren %21 barkatzeko prest agertu ziren inbertsiogile pribatu horiek. Alemaniak, ordea, zorraren erdia barkatzeko konbentzitu nahiko lituzke orain, horrek Greziari atzeraldia gainditzen lagunduko liokeela iritzita.

Goi bilera astebetez atzeratzeak, gainera, EBko agintariei aukera emango die NDF Nazioarteko Diru Funtseko, EBZ Europako Banku Zentraleko eta Bruselako ikuskatzaileek —troika— Greziari buruz egiten duten txostena irakurtzeko. Horrela, litekeena da goi bilera hortan bertan erabakitzea Atenasi lehen erreskatearen seigarren zatia —8.000 milioi euro— emango dioten ala ez. Goi bileraren aurretik EBko eta euroguneko finantza ministroek bilerak egingo dituztela aurreratu du Van Rompuyk.

Troikak gaur utziko du Atenas

Oraingoz, Greziako Gobernuarekin negoziatu beharreko guztia negoziatu du troikak, eta gaur alde egingo du Atenastik, han ikusi duenari buruzko balorazioa egiteko. Besteren artean, Grezia erreskatearen truke agindutakoa betetzen ari den ala ez eta neurri gehiago hartu beharko dituen ala jasoko ditu txostenak. Ikuskatzaile taldeak konpromisoa hartu du txostena urriaren 24rako bukatzeko. Hala ere, jakinik urriaren 23an EBko agintariek goi bilera dutela, oso litekeena da ordurako prest izatea.

Une honetan, troikaren esku dago Greziaren etorkizuna. Hango egoeraz balioespen baikorra egiten badu, NDFk, EBZk eta EBk erreskatearen seigarren zatia emango diote. Balioespena ezkorra bada, ordea, dirurik gabe gelditu da eta azaroa bukatzerako ordainketak eten beharko ditu Atenasek. «Kolokan gaude, egoera arriskutsuan», adierazi zuen Evangelos Venizelos Greziako Finantza ministroak atzo, Parlamentuko finantzen batzordean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.