Lan osasuna

Urrira arte bederatzi langile gehiago hil dira aurten beharrean zeudela, Osalanen arabera

Gaixo agiriak eragin zituzten 29.965 istripu zenbatu ditu laneko segurtasun eta osasunerako erakundeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, iaz epe berdinean baino %2,7 gehiago

Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko azaroaren 15a
07:16
Entzun

Lanean ari ziren bitartean %42,9 istripu hilgarri gehiago egon dira aurten urtarriletik urrira bitartean. 30 behargin hil dira aurten bere lanpostuan zeuden bitartean, eta iaz 21. Bederatzi langile gehiago. Bost langile hil dira Araban, hemezortzi Bizkaian, eta zazpi Gipuzkoan. Etxetik lanerako bidean hiru langile hil dira denbora tarte berean, iazko datua baino txikiagoa hori, zazpi behargin zendu baitziren kasu hartan.

Heriotza kasuak izaten da laneko istripuen ondoriorik latzena, baina igoera horren atzean istripuen gorakada bat nabarmendu behar da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaixo agiriak eragin dituen 29.965 istripu erregistratu ditu Osalanek urtarriletik urrira arte, iaz epe berean baino %2,7 gehiago. Eta horren guztiaren eraginez, laneko istripuen eragina handitu egin da aurten: 1.000 langiletik %32,08ri eragiten die, eta datua iaz baino 0,9 puntu altuagoa da.

Ekonomia hazten ari da, eta horrek eragina izan dezakeela azaldu du Jon Azkuek, Jaurlaritzako Laneko sailburuordeak. Baina fokua beste arazo batean jarri du: “Behin-behinekotasunak ez du laguntzen, hori bistakoa da, eta laneko prekaritate horri aurre egin behar zaio”. Alberto Alonsok, Osalaneko zuzendari nagusia ez da gustura azaldu datuak aurkezteko prentsaurrekoan, eta istripurik gabeko lan eremu baten bidean lanean jarraitzeko “Osalan gero eta beharrezkoagoa” dela aldarrikatu du. “Prebentzio kultura zabaltzeko lan egin beharra daukagu, eta horregatik istripu bat dagoen bakoitzean porrot egiten dugu”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.