Ezbeherra 20:30 aldera gertatatu zela uste du Nafarroako Foruzaingoak. Baina larrialdi zerbitzuetako kideek 22:49an jaso zuten aurreneko deia. Itxura denez, inguruko bizilagun bat izan zen abisua eman zuena. Ibilgailuaren posizioak harrituta, hurbildu, eta orduan ikusi ei zuen pertsona bat zegoela azpian harrapatuta.
Iruñetik eta Oronoztik suhiltzaile taldeak, herriko mediku taldea eta anbulantzia bat bertaratu ziren istripua jazotako lekura. Baina ordurako hilda zegoen langilea; heriotza baieztatu baino ezin izan zuten egin larrialdi zerbitzuetako kideek. Nafarroako Foru Poliziak, bestalde, prebentzio arloko patruila bat eta atestatu talde bat bidali zituen hara, eta istripuaren arrazoiak argitzeko ikerketa lanak hasi zituzten.
Nafarroako auzitegi medikuntzako erakundera eraman zuten gorpua, autopsia egin eta heriotzaren zergatia argitzeko.
LAB sindikatuak elkartasunaadierazi die Matxiñenaren familiari, lagunei eta lankideei. Eta, horrez gain, gertatutakoa gaitzetsi du. Urrozkoa beste lan istripuekin alderatuz gero aldatzen den bakarra langilea dela esan du, ezbeharra inguratzen duten baldintzak betikoak direlako. Baserritarrek denbora gutxi eta lan asko izaten dutela dio, presio handia jasaten dutela, eta horrek ezbeharrak eragiten dituela.
Horiek horrela, istripu oro gaitzesteko eta prebentzio neurriak eskatzeko, LABek elkarretaratzera deitu du ostegunerako. Donezteben egingo dute kontzentrazioa, INEMen bulegoaren ondoko biribilgunean, 11:30ean. Sindikatu horren kontaketaren arabera, aurten gutxienez 33 pertsona hil dira Euskal Herrian, lanean ari zirela izandako ezbeharretan.