Urtarrilaren 1ean posta sektorea erabat liberalizatuko da Espainian, Kongresuak legea moldatzea onartu ostean. Horrek, ordea, ez du esan nahi Correos y Telegrafos enpresa publikoa desagertuko denik. Datozen hamabost urteetan posta zerbitzua herritar guztiengana iristen dela bermatu beharko du, posta zerbitzu unibertsala emateko ardura izango baitu.
Espainian ez ezik, Europako Batasuneko beste hamabost herrialdetan ere sektorea erabat liberalizatuko da hilaren 1ean. Gainontzekoek datorren urtea bukatzerako egin beharko dute.
Sindikatuak, baina, oso kezkatuta daude lege berriak izan ditzakeen ondorioekin. 10.000 lanpostu desagertuko direla salatu dute CCOO, ESK, CSI-F, CGT eta beste sindikatu batzuek. Horiek hala, mobilizazioetara jotzea aztertzen ari direla jakinarazi dute.
Regino Martin CCOOko posta sektoreko arduradunaren hitzetan, Zapateroren gobernuaren posta politika azken urteetako txarrena izan da, eta lege berriak zalantzan jarriko ditu zerbitzu publikoaren bideragarritasuna bera eta sektoreko 60.000 lanpostuak. Martinen arabera, edozein enpresa sartu ahalko da negozioan, «hutsaren hurrengo bidesari bat» ordaintzearen truke eta azpiegituretan inbertsiorik egin beharrik gabe. Horregatik, uste du postaren lege berriak enpresa pribatuen mesedetan sortu dutela. «Correosi mila milioi euroren negozioakendu eta enpresa pribatuen esku utziko du; posta sektorea berregituratzeko ateak zabaltzen ditu horrek».
Daniel Lopez Correoseko Sindikatu Libreko idazkariaren esanetan, zerbitzu unibertsala emateko betebeharrak heriotzara eramango du Correos, beste enpresak eremu errentagarrietan soilik ariko direlako lanean. Aurten 151 milioi euro galduko ditu, eta 86 milioi datorren urtean.
Urtarrilaren 1ean posta sektorea erabat liberalizatuko da Espainian
Correosen etorkizuna kolokan jartzeaz gain, 10.000 lanpostu desagerraraziko dituela diote sindikatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu