Urtarrilean 4.605 langileri eragin diete erregulazioek Hegoaldean

Baimendutako 242 dosierretatik erdiak baino gehiago bigarren eta hirugarren erregulazioak izan dira

Donostia
2010eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Urtarrilean, 242 enplegu erregulazio baimendu dituzte Hego Euskal Herriko administrazioek, iaz garai berean baino 25 gehiago (%11,5). Hala ere, erregulazioek eragin dien langileen kopurua ordukoa baino txikiagoa izan da. 4.605 lagun izan dira aurtengo urtarrilean, iazkoan baino 1.114 gutxiago (-%19,5).

Abenduko datuekin alderatuta, berriz, askoz handiagoa da aldea, 11.530 langileri eragin zien 372 erregulazio baimendu baitzituzten orduan. Kontuan izan behar da, ordea, enpresa askok abenduan berritu zituztela erregulazioak.

Bai EAEko administrazioak bai Nafarroakoak ontzat eman dituzte datu horiek, egoera hobetzen ari dela erakusten dutelako. Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuaren hitzetan, erregulazio eskaera berrien kopurua motelago handitzen ari dela erakusten dute datuok. Izan ere, urtarrilean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baimendu diren 216 dosierretatik heren bat besterik ez dira berriak, 73 hain zuzen. Gainerako guztiak bigarren eta hirugarren erregulazio eskaerak izan dira. Iazko urtarrilean, 167 erregulazio berri baimendu zituen Eusko Jaurlaritzak, aurtengo urtarrilean baimendutakoen bikoitza.

Imelda Lorea Nafarroako Lan Departamenduko zuzendariaren esanetan, «iazko bigarren seihilekoko joera baieztatzen dute urtarrileko datuek». Zuhurtzia eskatu du, ordea, datorren hilabeteetan gertatzen dena ikusi arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.