Urtarrilean argindarraren prezioa %9,8 igoko da Hego Euskal Herrian

OCUren arabera, erabiltzaile gehienek lau bat euro gehiago ordaindu beharko dituzte hilean eta 51 euro gehiago urteanIa KPI halako bost igoko da argindarra; azken 27 urteotako garestitzerik handiena da

Donostia
2010eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Jakina da urte berriak prezio berriak ekartzen dituela eta normalean aurrekoak baino garestiagoak izaten direla. Baina, zorionez, igoera horiek gutxitan izaten dira Espainiako Industria Ministerioak atzo arratsean iragarritakoaren parekoak. Izan ere, usterik okerrenak baieztatu, eta urtarrilaren 1ean argindarra %9,8 garestituko dela jakinarazi zuen. Azken 27 urteotako prezio igoerarik handiena izango da, 1983az geroztik sekula ez baitzen hiruhileko bakarrean horrenbeste garestitu argindarra. Baina igoerak ez die erabiltzaile guztiei eragingo, tarifa arautua —Azken Aukerako Tarifa; TUR, gaztelaniaz— dutenei baizik, hamar hego euskal herritarretatik zortziri, gutxi gorabehera.

Pedro Marin Energiako Estatu idazkariaren arabera, batez beste hilean 3,2 euro gehiago ordaindu beharko dituzte erabiltzaileek; urtean 38,4 euro gehiago, beraz. Baina kalkulu horiek ez datoz bat kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteek egin dituztenekin. OCUren esanetan, erabiltzaile ertain batek —4,4 kilowatt arteko kontratua eta hilean 270 kilowatteko kontsumoa dituena—4,25 euro gehiago ordaindu beharko ditu hilean eta 51,1 euro gehiago urtean. Harago doa Facua. Haren arabera, azken hiru urte eta erdian ia %50 garestitu da argindarraren prezioa; ondorioz, 2007an baino 220 euro gehiago ordainduko dituzte erabailtzaileek datorren urtean. Horiek hala, igoera neurrigabekoa dela iritzita, argindarraren prezioa izozteko eskatu diote Industria Ministerioari. Kontsumo prezioen indizearen igoeraz gaindiko garestitze ororen kontra daude bi elkarte horiek. Eta, oraingoan, KPI halako bost igoko da argindarra.

Gehienak merkatu arautuan

Hamar kilowatt edo gutxiago kontratatuta dauzkaten familiek eta enpresa txikiek dute tarifa arautuari heltzeko aukera. Espainiako Gobernuaren arabera, 27 milioi erabiltzailek dute eskubide hori, baina 17 milioik baizik ez dute baliatzen, gainontzekoek merkatu librera jauzia egina dutelako dagoeneko. Gizarte bonua duten erabiltzaileei ere ez die eragingo urtarrileko garestitzeak. Hiru kilowatt edo gutxiago kontratatuta dauzkaten sendiek, kide guztiak langabezian dituztenek, familia ugariek eta gutxieneko errenta jasotzen duten erabiltzaileek eska dezakete gizarte bonua. Espainiako Gobernuaren esanetan, bost milioi sendik dute eskubide hori, baina hiru milioik baizik ez dute baliatzen.

2009ko uztailean argindarraren merkatua erabat liberalizatu zutenetik, tarifa arautua da Espainiako Gobernuak erabakitzen duen bakarra. Baina hura ere osorik ez. Tarifa arautuak bi osagai ditu: argindar sistemaren kostuei dagokiena da bata; eta arginarraren beraren kostuei dagokiona da bestea. Sistemak eragiten dituen kostuak —garraioa, banaketa, berriztagarriei ematen zaiezkien laguntzak...— ordaintzeko tarifa, sarbideko tarifa, Espainiako Gobernuak erabakitzen du, hiru hilean behin egiten dituen berrikuspenetan. Fakturaren erdia pasatxo (%55) izaten da tarifa hori. Fakturaren bigarren zatia (%45) aldakorragoa da, energiak merkatuan duen prezioa islatzen baitu. Merkatu arautuko argindar merkaturatzaileek hiru hilean behin egiten dituzten Cesur enkanteetan erabakitzen da prezio hori, eta nazioarteko prezioek nabarmen eragiten dute.

Sarbideko tarifan ez da aldaketarik izango urtarrilean. Espainiako Gobernuak duela egun batzuk jakinazi zuen berari dagokion zatia izoztuta mantentzeko asmoa zuela. Aldiz, fakturaren beste erdia igotzea saihetsezina izango zela aurreratu zuen. Izan ere, sektoreko enpresen arabera, azken asteetan %16 handitu dira argindarraren kostuak, petrolioa eta beste lehengai batzuk asko garestitu direlako eta neguaren etorrerak puntako orduetako argindar kontsumoa asko handitu duelako, besteak beste. Marinek azaldu duenez, faktore horiek herrialde guztiei eragiten diete, eta Espainia ez da prezioa asko igo behar izan duen bakarra. Eta Alemaniaren kasua jarri du adibide gisa. Lehendik ere Espainian baino %30 gehiago ordaintzen zutela eta orain beste %6 garestitu behar izan dutela kontatu du.

Kontsumitzaileen elkarteek eta energia berriztagarrien sektoreko enpresek gogor kritikatu dute gobernuaren jarduna; krisi garaian argindarra horrenbeste garestitu duelako eta errentagarria ez den ikatzaren kontsumoa sustatzeko, berriz, urtean 700 milioi euroren laguntzak ematen ari delako.

Igoera mugatua

Gezurra badirudi ere, igoera «soilik» %9,8koa bada, gobernuak egin duen lanagatik izan dela esan du Marinek. Izan ere, oraingoan sarbideko tarifa ez igotzea erabaki du, eta etorkizunean ere igoerak handiegiak izan ez daitezen, egoera onbideratzeko neurri sorta bat iragarri zuen iragan ostegunean. Argindarraren sistemako kostuak murriztea eta tarifek eragiten duten defizita ezabatzea dira neurri horien helburuak. Hiru urtean 4.600 milioi euro aurreztu nahi ditu Zapateroren gobernuak, eta 2013rako argindar konpainiekin duen zorra kitatu. Horretarako, energia berriztagarriei ematen dizkien laguntzak murriztu ditu Industria Ministerioak, eta sortzen duten argindar kilowatt bakoitzeko 0,5 euro ordainaraziko die argindar enpresei.

Aurten, urtarrilean %2,64 igo zen argindarraren prezioa, eta beste %4,8 urrian. Uztailean prezioa zegoen moduan uztea erabaki zuen Espainiako Gobernuak,PPrekin egindako akordio batek aukera hori ahalbidetu ziolako. Hilabete hartan, ordea, balio erantsiaren zerga %16tik %18ra igo zuen, eta argindarra %2 garestitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.