Urtarrilean iaz baino %17 gutxiago bildu dute aldundiek zergetatik

Eusko Jaurlaritzak dio otsaileko bilketaren emaitzak ikusi behar direla urteko joera zein den ikusteko

Donostia
2010eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek bide makurretik hasi dute urtea. Urtarrilean, iaz garai berean baino %17,3 gutxiago bildu dute zergetatik. 251,6 milioi euro jaso dituzte aurten, eta 52,8 milioi euro gehiago izan ziren iaz; 304,4 milioi, hain zuzen.

Aurreikuspenik ezkorrenak berresten dituzte datu horiek, ez baitute onbideratze zantzurik erakusten. Eusko Jaurlaritzako iturriek adierazi dutenez, ordea, hilabete bakar bateko datuek ezer gutxi esan dezakete. Aurreratu dute otsaileko zerga bilketaren emaitzak ikusi arte ez dagoela esaterik zein den esaterik urteko joera.

Urteak eman duen lehen datua txarra izan da. Hori ez dago ukatzerik. Baina egia da urtarrila esangura gutxiko hilabetea izaten dela zerga bilketari dagokionez. Iaz, esaterako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek ia 10.800 milioi euro jaso zituzten urte guztian. Horietatik 304,4 milioi euro baizik ez zituzten batu urteko lehen hilabetean, %2,8 alegia.

Herrialdekako emaitzei begiratuta ere, urtarrila hilabete berezia dela ikus daiteke. Izan ere, 267,6 milioi euro jasota, Bizkaia da bilketa positiboa egin duen bakarra. Arabak eta Gipuzkoak bildu dutena baino gehiago pagatu behar izan dute, balio erantsiaren zerga itzulketak direla eta. Arabako Ogasunetik jasotakoa baino802.000 euro gehiago irten dira urtarrilean; 15,2 milioi euro gehiago, berriz, Gipuzkoakotik.

BEZak eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergak (PFEZ) eman dituzte emaitza kaskarrenak. BEZetik 25,7 milioi euro bildu dituzten hiru ogasunek, iaz baino %163 gutxiago. PFEZtik, berriz, 151,4 milioi euro bildu dituzte, aurreko urtean baino %6,5 gutxiago. Horretan eragin nabarmena izan du enplegu galerak, Gizarte Segurantzan diru gutxiago kotizatzea dakarrelako. Sozietateen gaineko zergan ere antzeman da krisiaren aztarna, iaz baino %57 gutxiago bildu baitute ogasunek, 13,5 milioi hain justu.

Kontrara, erregaien zergatik 71,9 milioi euro jaso dituzte, %4,4 gehiago. Tabakoaren eta ondasunak eskualdatzearen gaineko zergetatik ere iaz baino gehiago bildu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.