Urtarriletik 265.000 frantziarrek galdu dute langabezi saria

Legedi aldaketaren ondorioz, langabe gutxiagok jasotzen dute saria

Erredakzioa
2004ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
UNEDIC enplegu erakundearen defizitari aurre egiteko asmoz, Frantziako patronalak eta CFDT, CGC eta CFTC sindikatuek 2002 urte amaieran langabezi sariaren erreforma egitea hitzartu zuten. Aurten jarri da indarrean, eta hasieran saria 180.000 langabe gutxiagok jasotzea espero zen, baina errealitateak zifra gainditu du: urtea hasi denetik 265.000 lagunek saria jasotzeko eskubidea galdu dute Frantzian .

Erreformaren lehen helburua UNEDICen kontuak orekatzea da. Iazko defizita 4.300 milioi eurokoa izan zen eta akordioa izenpetu zuten erakundeek aurtengoa 1.200 milioi eurokoa izatea espero dute. Datorren urtetik aurrera, gainera, UNEDICek 200 milioi euroko superabita izango luke, aurreikuspenak betez gero. Dena den, erreformak beste sindikatuen haserrea piztu du.

Bigarren urtez, gehiegizko defizita

Defizita, ordea, ez da UNEDICen kontuetara mugatzen. Frantziako Gobernuaren kontu publikoak iaz 63.200 milioi euroko defizitarekin itxi ziren. Horrek esan nahi du defizita BPG Barne Produktu Gordinaren %4,1ekoa dela, eta ondorioz, bigarren urtez Egonkortasun itunak ezarritako %3ko muga gainditu duela herrialdeak. Gainera, Europako Batasunean defizitik handiena duen herrialdea da gaur egun.

Francis Mer Frantziako Finantza ministroaren aburuz, aurten %3,6ko defizita lortzeko helburua jarri dute eta «2005erako BPGaren%3 azpitik egotea» espero dute. Merrek espero du datozen bi urtetan hazkunde ekonomikoak aurreikuspenak gainditzea eta promes egin zuen zerga bidez estatuak lor ditzakeen diru sarrera osagarriak «defizita murriztera» bideratuko direla.

Egonkortasun Itunak ezartzen du zor publikoak ez duela BPGaren %60 gainditu behar baina Frantziakbaldintza hori ere ez du betetzen : 2003 amaieran 980.000 milioi eurokoa zen eta BPGaren %63 gainditzen zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.