Urtarriletik ekainera 60,5 milioi euro irabazi ditu Euskadiko Kutxak

Diru erreserbak 51 milioi eurotan handitu ditu, eta horrenbestez etekina %22,8 txikitu du

Erredakzioa
2009ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Urteko lehen sei hilabeteetan 60,5 milioi euroko etekin garbia lortu du Euskadiko Kutxak. Hala eta guztiz ere, iaz baino %22,8 gutxiago irabazi du. Horren arrazoi nagusia diru erreserbak handitzea izan da. Euskadiko Kutxaren berankortasun tasa sektorearen batez bestekoaren azpitik dago (%2,68), baina «zuhurtziazko irizpideak» erabiliz hornidura 51 milioi eurotan handitzea erabaki du. Borondatez hartutako neurria izan da, Espainiako Bankuak behartutako irizpideetatik kanpokoa, beraz.

Kaudimen mailari dagokionez, Tier 1 aintzat hartuta, Euskadiko Kutxa hamargarren tokian dago Espainiako erakunde handien artean, eta aurrezki kutxen artean, berriz, zazpigarren tokian. Tier bat horrek «arriskutsutzat hartutako aktiboen artean kutxak dituen lehen mailako baliabide propioak islatzen ditu».

Kredituak ere handitu ditu lehen sei hilabeteetan iazkoekin alderatuz. Bezeroei dagokienez, %3,9 kreditu gehiago eman dituzte (14.494,4 milioi euro). Enpresei, berriz, 200 milioi euroko finantzaketa eman diete, iaz baino 100 milioi euro gehiago. Ohiko negozioa ere 34.804 milioi euroraino handitu da. Baliabideak erakartzen ere segitu du, eta bezeroen gordailuek %7ko gorakada izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.