ONGIEN IRTEN DIRENAK
Volkswagen, +%61,99. Autoen salmentak amildu diren urtean salbuespena Volkswagen izan da. Urteko lehen 11 hilabeteetan salmentak %1 handitu ditu, eta irailera arte %28,5 gehiago irabazi. Gainera, burtsan gehien balio zuen enpresa izatera iritsi zen, Porschek akzioen %75 erosi nahi zituela zabaldu zenean.
Wal Mart, +%19,53. Gerrikoa estutzeko garaian, diru gutxiagoren truke gehien ematen duenetara jotzen dute kontsumitzaileek. AEBetan Wal Mart da supermerkatu kate merkeena, eta salmentak igotzea lortu duen bakarra. Wal Marteko lan baldintza eskasei eta hornitzaileen itotzeei buruzko kezkek beste urte baterako itxaron beharko dute.
Union Fenosa, +%17,94. Krisi garaiak neurri txikiagoan eragiten die ziklo ekonomikoarekin lotura gutxiago dutenei, eta horien artean argindar konpainiei. Union Fenosa izan da Madrilgo Ibex 35ean gora egin duen bakarra, batez ere Gas Naturalek bere gain hartuko duelako aurki. Parisen ere, GDF-Suez izan da urteko irabazleetako bat: %11,69 soilik galdu du.
Viscofan, -%1,74. Euskal enpresen artean balio gutxien galdu duena. Kasedako enpresak 35,6 milioi euro irabazi ditu, 2008ko lehen bederatzi hilabeteetan -%12,4-, eta krisiak gutxien eragingo dion sektoreetakoa izaki -elikagaientzako azalak egiten ditu-, litekeena da 2009ari ongi eustea.
GAIZKIEN IRTEN DIRENAK
Fortis, -%94,93. Krisiaren errudun nagusiek, bankuek, zigor ederra jaso dute. Porrot egin ez dutenek edo gobernuen esku geratu ez direnek, noski. Okerrenetan okerrena Fortis, eta gertu HBOS (-%90), RBS (-%88), Citigroup edo Dexia (-%81). Krisia lehiakideak erosten aritu direnek galerak pixkat arindu dituzte, Santanderrek (-%53) edo JP Morganek (-%25) kasu.
General Motors, -%86,89. Autogileen artean okerren egin duena General Motors da, eta ez da harritzekoa, porrotaren ertzean dagoelako. Baina ez zaizkio oso urrun geratu askoz enpresa sendoagoak: Renault(-%80), PSA (-%76), Fiat(-%73), Ford (-%65), Daimler (-%58)...
Sacyr, -%74,34. Eraikuntzako enpresak Madrilgo burtsaren kutunak izan dira azken hamarkadan, baina 2008an, pilatutako zorraren zamarengatik, pot egin dute. Colonialek %91 galdu du, eta Martinsak kotizatzeari utzi behar izan dio.
Gamesa, -%58,80. Euskal enpresa handien artean Gamesak galdu zuen iaz balio gehien. Neurri batean harrigarria da, Gamesak oso emaitza ekonomiko onak izan dituelako -%67 gehiago irabazi du irailera arte-, eta haize-erroten eskaria bete ahal izateko arazoak dituelako. Baina petrolioaren merkatzeak erakargarritasuna kendu die energia alternatiboei, eta horren ondorioak pagatzen ari dira Gamesa eta haren bazkide Iberdrola Renovablesek (-%47).
URTE TXARRA, BAINA BATZUENTZAT OKERRAGO
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu