Jaitsiera ez zen 2012koa adinakoa izan, baina 2013a ere urte txara izan zen industria sektorearentzat. Fakturazioa %3,7 murriztu zen batez beste Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %3,3 Nafarroan. INEk emandako datuetan badago etorkizunari begira kezka eragiten duen beste kopuru bat ere: eskaerak %7,1 murriztu ziren EAEn, eta %2,3 Nafarroan.
Baikortasunerako zantzu gutxi ageri da estatistika erakundearen abenduko txostenean. Abenduan, 2012ko hilabete berean baino %1,8 gehiago fakturatu zuten Nafarroako enpresek, eta %4,4 eskaera gehiago jaso zituzten.
Bi datu horiek aparte utzita, negatiboak dira gainerakoak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %3,2 jaitsi zen urte arteko fakturazioa eta %11,7 eskaera kopurua. Azarotik abendura bitartean ere okertu egin zen negozioa: %3,9 EAEn, eta %21,4 Nafarroan —kontuan hartu behar da abenduan jaiegunak izan zirela eta horiek ez dituela kontuan hartzen INEk—.
Zerbitzuetan, antzeko bilakaera
Industriari buruzko datuak ez ezik, zerbitzuenak ere eman ditu INEk. Fakturazioa %3,6 murriztu zen EAEn, eta %4,5 Nafarroan. Langile kopuruak ere behera egin zuen, baina erritmo motelagoan: sektoreko enplegua %0,9 jaitsi zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %2,8 Nafarroan.