Ekonomia

Urtea amaitzen denerako 22.000 lanpostu sortzea espero du Confebaskek

Abenduan egin zituen aurreikuspenak hobetu ditu patronalak, eta EAEko ekonomia %2,3 haziko dela adierazi. 2014 urte amaieran %1,9koa izango zela esan zuen

Miguel Angel Lujua eta Eduardo Aretxaga, gaurko agerraldian, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Lander Muñagorri Garmendia.
2015eko maiatzaren 20a
09:11
Entzun

Kargua uzi aurreko azken prentsaurrekoa zuen Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteak, eta ate handitik joango da gainera. 2014 urte amaieran egindako aurreikuspenak hobetu ditu patronalak, 2015ean EAEko ekonomia %2,7 haziko dela adieraziz, eta 22.000 enplegu berriren promesarekin. “Karguan egon naizen denbora honetan guztian baikorra izaten saiatu naiz, baina egia da zaila izan dela. Orain, ordea, laino ilunak joaten ari direla dirudi, eta lehen eguzki printzak ikusten ari gara”. Udal eta foru hauteskundeak egin baino lau egun lehenago egin ditu adierrazpen horiek Lujuak, baina horregatik ez du kanpainan eragin nahi izan. “Aurkezpen hauek tokatzen denean egiten ditugu, gure aurreikuspenak egin ahala. Beraz, hauteskundeekin ez dauka zerikusirik agerraldi honek”. Hala ere, ekonomiaren hobe beharrerako garbi utzi nahi izan du “egonkortasun politikoa garrantzitsua” dela, erakundeek lasaitasunez agindu dezaten.

Era horretan, patronalak azken bolada luzean gailentzen ari diren adierazpenei jarraipena eman die, euskal ekonomia krisitik ateratzen ari dela, alegia. Eta datuek hala adierazten dute, gainera. Urte amaierarako aurreikusitako %2,7ko hazkunde hori 2007 urteaz geroztik emango den handiena izango da, iazko abenduan egindako aurreikuspena zortzi deziman hobetuz. Hazkunde hori ulertzeko, kontsumo pribatua eta industriaren bilakaera positiboa nabarmendu du Lujuak. “Euskal ekonomiaren sektorerik garrantzitsuenetako bat da industria, eta %3,5 haziko da urtea amaiten denerako. Horrek eragin zuzena dauka ekonomiaren hobekuntzan”. Euskal ekoizleen merkatu nagusiek ere goranzko joera izango dutela aurreikusten da, eta horrek eragin du hein handi batean industriaren hazkunde hori ere. Alemania eta Frantziak —euskal esportazioen erdia jasotzen dute bien artean— euren hazkunde aurreikuspenak ere hobetu dituzte, eta Espainiak berdin.

Goranzko joera horrek lan merkatuan ere eragina izango duela aurreikusi du patronaleko buruak, eta 22.000 lanpostu sortuko direla aurrikusi du. Hau da, langabezia tasa %13,5era jaitsiko da. Datua positiboa dela nabarmendu arren, oraindik 2008an baina 74.000 lanpostu gutxiago egongo direla ere onartu du Lujuak.

Egoera hobetzeak zeresana izango du lan erregulazio espedienteen gutxitzean. Pasa den urtean 18.302 langileri eragin zien halako espedienteren batek, 2013ko kopuruaren erdia. Eta aurten beheranzko joera horri eutsiko zaiola esan dute agerraldian. Lan gatazkek ere behera egin zuten pasa den urtean, eta hori egoera hobetzen ari denaren seinaletzat hartu dute.

“Ulermenik ez”
Gatazka gutxiago dagoela onartu arren, eragile sindikalekin “ulermenik ez” dago Lujuaren ustez. Pasa den astean CCOO eta UGTk CEOE eta Cepymerekin soldaten inguruan Espainian lortu zuten akordioa EAE mailara ekartzeko jarrera berretsi du Confebaskek. Are gehiago, patronalak ekainaren erdi aldean egingo duen batzarrera eramango du akordio hori euskal eremura ekartzeko proposamena, “euskal idiosinkrasiara egokituta”. Baina bertako sindikatu nagusiek —ELA eta LAB— akordioaren aurka azaldu dira, eta horien kontra jo du: “Aurkako jarrera hartu dute bertan adostu dena zer den irakurri gabe. Guk lan egin nahi duenarekin egingo dugu lan”. Eragin orokorreko akordiorik lortu ezean mugatuko batekin konformatu beharko dutela ere onartu du, baina saiatu behar dutela garbi utzi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.