Baikor azaldu da gaur goizean Peio Balaustegigoitia BBVAko Espainia iparraldeko lurralde zuzendaria. Baikor, euskal ekonomia 2015ean %2,7 haziko dela espero duelako, eta datorren urtean kopuru hori %3ra iritsi daitekeela aurreratu duelako. Horrek guztiak lanpostu berriak sortzeko aukera emango du, eta datu borobila eman du: 30.000 enplegu berri. “Industria sektorea berreskuratzen ari da pixkanaka, eta horrek lagundu du hobekuntzan”. Eta hobekuntza hori ulertzeko gakoa esportazioa dela nabarmendu du, Europaren goranzko joerak euskal enpresetan eragin zuzena izan dutelako. Hala ere, merkatu berriak bilatzen joateko eskaera egin die enpresei. Edozein modutan, egungo egoera bankua EAErako aurreikuspenak egiten hasi zenetik bildutako onena da.
Bide horretan aurrera jarraitzeko, ordea, ikusi dituzte oztopo batzuk. Demografia arazoa eta langabezia tasa altua kokatu dute hor, eta baita ezegonkortasun politikoa ere. “Egindako aurreikuspenak egonkortasun baten barruko testuinguruan egin ditugu”. Alderdi berriak sortzeari buruz ez du aldeko edo aurkako jarrerarik azaldu, baina bai adostasunik ez egoteak eragin ditzakeen ezegonkortasun egoerak.