Nafarroan dagoeneko zortzi lagun hil dira errepidean aurten. Segurtasun faltaz eta neurriak hartu beharraz mintzo da Juanjo Zelaia, ELAko lan osasunerako ordezkaria Nafarroan.
Zer-nolako baldintzak dituzte gaur egun errepideetan aritzen diren langileek?
Ez dago segurtasunik, batere. Ez da gauza bera bulego batean eserita lan egitea eta errepidean aritzea, errepidean aritzeak berez baduelako arrisku bat. Horrekin batera, meteorologiak eta beste hainbat faktorek ere eragina dute, baina argi dago ez dela nahiko neurri hartzen.
Alduaten izan den istripuaz zer balorazio egiten duzu?
Kasu honetan badirudi behe lainoa zegoela, eta horrelako baldintzetan ez lukete lanean hasi behar. Esango dute ustekabea izan dela, baina argi dago behe lainoarekin ez dela lanean hasi behar. Baina gaur egun egoera dagoen bezala, jendea oso estututa dago; beldurra du lana galtzeko, ikusten duelako berak lana uzten badu atzean beste asko daudela horren zain.
Errepideko segurtasunaren alde, zein neurri proposatzen ditu ELAk?
Egin beharko litzateken lehenengo gauza segurtasun neurriak betetzea da. Enpresek hori egingo balute, gu pozik geundeke. Mila aitzakia jarriko dituzte,krisia tarteko, baina ezin da onartu. Badakigu oso zaila dela inongo istripurik ez izatea, baina, dagoeneko, urte hasieratik38 langile hil dira errepidean lanean ari zirela Hego Euskal Herrian. Pertsona batek ez luke lanera joateagatik bizitza galdu behar.
Behin segurtasuna behar bezala bermatuta, zein beste urrats egin beharko lirateke?
Lehentasuna segurtasun neurriak betetzea da, eta ondoren, beste hainbat pauso eman beharko lirateke. Adibidez, gizartean kontzientziazioa sustatu beharko litzateke errepideko langileen segurtasunaren inguruan. Bide segurtasunerako kanpainak egiten badira, halakoak zergatik ez?
Azken urteetan izan al da aurrerapenik segurtasun arloan?
Atzeraka goaz. Lan karga handiak eta presak, besteak beste, segurtasunaren eta lan osasunaren hondatzea eragin dute.
Juanjo Zelaia. ELAko lan osasunerako ordezkaria Nafarroan
«Ustekabea dela esango dute, baina behe lainoarekin ez da lan egin behar»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu