Egun laua zihoan erabat akzio azokan: gorabehera gutxi, txikiak, egun zozoa. Lauak aldean txirrista itxura hartu zuten indizeek eta jaitsierak nagusitu ziren: Chicagoko PMI manufaktura adierazlea irailean ezustean jaisteak beldurra eragin zuen. Atzeraldiak jarraituko ote duen mamua zabaldu zen. Ikara merkaturatu zen eta Ibex-35ek (-%0,82) 200 puntu galdu zituen di-da batean; baina ordu erdiko kontua izan zen. Bi berrik uxatu zuten ikara hori: batetik, petrolio erreserbei buruzko datu lasaigarriak (inbentarioen ezusteko gorakada); bestetik, Erreserba Federaleko Kohnek garbi laga zuen interes tasak behar bezain luze mantenduko dituztela baxu. U itxura hartu zuen indizearen bilakaerak eta, ordu-erdian galdutako guztia ez baina, erdia pasa berreskuratu zuen: 98 puntu doi galdu zituen Ibex-35 indizeak: galera txikia finean, sustoa joan ostean. 2.631 milioiren salerosketa: Iberia (+%5,72) hegaz eta Tecnicas Reunidas (-%3,09) gorri.
Europako Banku Zentralak urtebeterako dirua eskaini zien atzo Euroguneko bankuei, %1ean eta berme truke. Eskatutako diru guztia eman zien gainera, ekainean egin zuen lez: ordukoan 442 mila milioiko eskaerak izan ziren. Atzo 75 milarenak baino ez.
BBVA. Zaila da BBVAri (-%1,74) Goirigolzarri aurrejubilatu izanak burtsan kalte egin ote dion epaitzea. Santander (-%1,26) lehiakideak lez, egun gorria izan zuen atzo. Bi bankuen kasuan gizon bakarrak botere guztia pilatu duela garbi dago orain.
Uuuuuupa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu