Enpresak

Uvesco %8 hazi da, 703 milioiko salmentei esker

500 enplegu sortu ditu 2017an, horietatik 325 Euskal Herritik kanpo, batez ere Madrilen. Euskal banaketa enpresak 50 BM supermerkatu zabalduko ditu Madrilen datozen hamar urteetan.

Jose Ramon Fernandez de Barrena, eskuinean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
xabier martin
2018ko urtarrilaren 22a
12:11
Entzun

Uvescoren hazkundea abiadura hartzen ari da. 2017an azken bost urteotako hazkunde handiena lortu du fakturazioan, %8rena. BM eta Super Amara supermerkatuetan 703 milioi euroren salmentak egin dituela jakinarazi du Jose Ramon Fernandez de Barrena taldeko zuzendariak. 500 enplegu sortu ditu kateak, baina horietatik gehienak (325) Espainian, Madril inguruan hain zuzen. Hura dauka begiz jota taldeak bere zabalkundearekin jarraitzeko. Maiatzetik abendura, Madrilen eta Avilan erositako supermerkatuek taldearen hazkundearen erdia eragin dute, eta Uvescok iragarri du 50 supermerkatu berri zabaltzeko helburua duela datozen hamar urteotan, Madrilen hain zuzen.

Fernandez de Barrenak hainbat datu eman ditu 2017ko urteari lotuak: Uvescok 4.416 behargineko lantaldea dauka, "enplegu egonkorra eta kalitatezkoa". 180 milioi euroren erosketak egiten dizkie bertako ekoizleei, eta tokian tokiko akordio gehiago bilatuko ditu aurrerantzean, "Uvesco ereduarentzat oinarrizkoa delako". On line dendek hazkunde handia izan dute, %34koa, eta sare bidezko salmentaren aldeko apustu irmoarekin jarraituko du taldeak.

2018rako aurreikuspena ere haztekoa da. %5 handitu nahi dituzte salmentak BM eta Super Amara supermerkatuetan, eta zortzi denda berri zabalduko dituzte urtea amaitzerako, Gipuzkoan, Bizkaian, Kantabrian eta Errioxan; horietako hiru frankiziak izango dira. Frankiziaren ereduari ez dio uko egiten Uvescock, baina denda jabetzan edukitzeaa da haren "ereduaren funtsa", taldeko zuzendariaren arabera. Horiek horrela, 740 milioi euroko salmentekin itxi nahi du banaketa enpresak aurtengo ikasturtea, 100 enplegu berri baino gehiago sortuta.

Zabalkundea Madril hiriburuan gertatuko dela garbi esan du Jose Ramon Fernandez de Barrena, han ikusten dutelako "aukera gehien" horretarako. Produktu freskoan Euskal Herriko supermerkatuetan aurkitu ahal diren prezioekin dabiltzala esan du, baina onartu du, beste produktu batzuetan "oldarkorrago" jokatu behar dutela; alegia, merkeago saltzen dutela Madrilen produktu lehorren sorta, hango bezeroei egokituta.

Jaietan ere zabalik

Donostiako autobus geltokian Uvescok ireki duen BM Rapid supermerkatuak eragin duen ika-mikaz ere aritu da zuzendaria. Sindikatuek gogor kritikatu dute igande eta jaiegunetan ere hura zabalik egotea, eta ozenki eskatu diote Uvescori atzera egin dezala erabaki horretan. Ez da horrela izango, Jose Ramon Fernandez de Barrenaren hitzak entzun eta gero: "Rapid bat da, geltokiko erabiltzaileei produktu jakin batzuen eskaintza egiteko, eta geltokia igandeetan ere badabil".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.